Hiru hilabete Alberto eta Joaquin barik

Hiru hilabete Alberto eta Joaquin barik
2020/05/09 eta kitto!
Eguaztenean bete ziren hiru hilabete zabortegian Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik. Hori gogoan, Zaldibar Argituk deituta,
 bi langileen omenezko lore eskaintzak egin ziren Untzagan, eta baita Zaldibar, Elgeta, Ermua, Markina eta Zallako plazetan ere. Horrez gain, lapiko jotzeak egin ziren, otsailaren 6az geroztik zabortegiko bi langileak desagertuta daudela salatzeko eta protesta egiteko. Hiru hilabete, 90 egun bete ziren maiatzaren 6an Zaldibarko Verter Recycling zabortegian luizia gertatu eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, bertako beharginak, ezbeharraren ondorioz hil eta zaborraren azpian desagertu zirenetik. Erreskate lanak berehala hasi baziren ere, hainbat gorabehera tarteko, behin baino gehiagotan eten behar izan dituzte eta, nahiz eta bilaketa lanak egiten ari den dispositiboak lanean jarraitu, oraindik ez dituzte bi langileen gorpuak aurkitu.

Gertatutakoa gogoratzeko hainbat ekintza egin ziren eguaztenean, Zaldibar Argitu plataformak deituta. Goizetik hasita eta arratsaldera bitartean, Eibar, Zaldibar, Elgeta, Ermua, Markina eta Zallako plazetara lorak, marrazkiak, kandelak eta bestelako oroigarriak eraman zituzten herritarrek, horretarako propio prestatutako guneetara. Horrekin batera, Zallan, Beltran bizi zen herrian, txalo jotzea egin zuten arratsaldean, haren senideek deituta. Eta 20:30ean, berriz, Euskal Herriko leiho eta balkoietara irten ziren herritarrak, lapikoak eskuan hartuta, Zaldibarren gertatutakoa salatu eta horren inguruan protesta egiteko.

Izan ere, eta Zaldibar Argitu herri plataformatik behin eta berriz adierazi duten moduan, otsailaren 6an ezbeharra gertatu zenetik, instituzioen eta enpresaren beraren azalpenen zain daude eta, horrez gain, gertatutakoaren aurrean erantzukizunak hartzea eskatzen dute. Jokin Bergara plataformako kidearen berbetan, “orain dela hilabete bat edo bi sentitzen ginen bezala, berdin sentitzen jarraitzen dugu, oraindik azalpenik ez dugulako jaso. Aldatu den gauza bakarra orain konfinatuta gaudela da”.

Luizia gertatu zenetik, hondakindegia egonkortze aldera, zaborra handik ateratzen ari dira. Eitzagako bizilagunek orain dela egun batzuk salatu zuten lan horretan dabiltzan kamioien joan-etorriak etenbarikoak direla, baina herritarrek ez dakite zer ari diren egiten bertatik ateratzen ari diren zabor guztiarekin, kamioiak nora joaten diren...

Orain dela pare bat aste Eusko Jaurlaritzak iragarritakoaren arabera, Verterren kanpo ikuskaritza bat egingo dute, “zabortegian ingurumen baimen integratuak ezarritakoa betetzen ote zen egiaztatzeko”. Hala ere, herritarrei azalpenak beste modu batean eman behar zaizkiela salatu nahi dute Zaldibar Argitu plataformatik: “Erantzukizun politikoak hartu behar dira. Lortu dute denboran atzeratzea, eta ez dirudi mugimenduak egingo dituztenik”. Besteak beste, Eitzaga auzoko lurretan hondakindegi bat eraikitzeko baimena nork sinatu zuen jakin nahi dutela dio plataformako bozeramaileak, edo “azken urteetan zergatik ez zuten kontrolatu zabortegiaren jarduera”. Horrelako galderen erantzunak “kazetariek egindako lanari esker” jaso arren, adierazpen ofizialen baten zain jarraitzen dutela gaineratu du. Oso bestelakoa da, ordea, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren iritzia. Eguaztenean bertan Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan esan zuenez, “luizia gertatu baino lehen eta ondoren Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak, legean oinarrituz, eduki duen jokabidea tatxarik gabea” izan da. Horrekin batera, berak zuzentzen duen sailak azken hiru hilabeteetan “sekulako lana” egin duela eta lehentasuna biktimak topatzea dela azpimarratu zuen.

Elena Moreno Ingurumen sailburuordea eguaztenean egon zen Zaldibarko zabortegian, joan den otsailaren 6az geroztik Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila bertan egiten ari den erreskate- eta egonkortze-lanak gainbegiratzen. Bere berbetan, “hiru hilabete igaro dira Verter Recycling enpresaren zabortegian izandako luiziak eragin zuen tragedia hartatik, eta gelditu ere egin gabe ari gara Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen gorpuen bila. Egun bakar batean ere ez diegu utzi bilaketa-lanei, eta horretarako ekipo eta baliabide guztiak jarri ditugu”.

Horrez gainera, gogoratu du luizia izandako 4 leku ezberdinetan ari direla aldi berean lanean: alde batetik, desagertuta dauden bi pertsonak bilatzeko eta, bestetik, egonkortze-lanak egiteko. Era guztietako hogei makina baino gehiago ari dira lanean: atzerako hondeamakinak, bulldozerrak, bahetzeko makinak, eta abar, bai eta hain- bat eta hainbat kamioi ere materiala pilatzen. Egunero ehun bat pertsona aritzen dira lanean zabortegian.