Hiru lagun atxilotu dituzte desordena publikoak egiteagatik

Hiru lagun atxilotu dituzte desordena publikoak egiteagatik
2021/09/08 09:13
eta kitto!
Ertzaintzak 15, 19 eta 20 urteko hiru gizon atxilotu ditu gaur gauean edukiontziak errepidean gurutzatzeagatik eta poliziei objektuak jaurtitzeagatik (harriak, botilak, petardoak…).

Gertakariak 01:45ak inguruan hasi dira, “zenbait bizilagunek udaletxe ondoko parkean jendetza bilduta eta zarata handia zegoela ohartarazi eta gero”, Ertzaintzak ohar batean adierazi duenez. “Ertzaintzaren eta Eibarko Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu dira eta bildutako jendetza sakabanatu dute. Talde txiki bat, ordea, hirigunean barreiatu da. Gazteek harriak, botilak eta petardoak bota dizkiete agenteei, eta horietako batzuek edukiontziak gurutzatu dituzte patruilek aurrera egin ez zezaten. Ertzaintzak karga egin du”, gehitzen dute.

Adingabea gurasoen zaintzapean utzi dute jada, aginte judizialak noiz deitu zain, eta bi adin nagusikoak epailearen aurrera eramango dituzte gaur bertan.