Hiru urte eta gero, argi bila jarraitzen dute oraindik Zaldibarren

Hiru urte eta gero, argi bila jarraitzen dute oraindik Zaldibarren
2023/02/03 eta kitto!
Astelehenean hiru urte beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. 2020ko otsailak 6 hartan milaka tona lur eta zabor amildu ziren Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen zabortegian, eta gertaera horrek harrotu zituen hautsak oraindik ez dira desagertu. Horregatik, Zaldibar Argitu plataformak ekitaldi berezia egingo du hirugarren urteurrenaren bezperan.

 

Zaldibarko zabortegian gertatutako luiziak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen biziak eraman zituen aurretik. Hainbat hilabeteren ondoren Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zituzten, baina Beltran lur azpian dago oraindik. “Hiru urte dira Joaquin eta Alberto gabe, erantzun garbirik eta erantzukizun gabe, argitasunik gabe”; Zaldibar Argitu plataformaren berbetan.

Sololuze eta Beltran oroitu eta argipenak eta erantzukizunak eskatu asmoz, Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egingo du domekan, 12:30ean. “Eitzagan elkartuko gara musika, lore-eskaintzak eta hitzartzeak uztartuz, Joaquin eta Alberto oroitzeko, interes publiko eta sozialak interes pribatuen aurretik jartzea eskatzeko, Zaldibarren gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak exijitzeko eta erantzukizun guztiak argitzea eskatzeko”, plataformak adierazi duenez.

zaldibar argitu 3 urte kartela

 

Iluntasunari argia emateko

Zabortegiaren amiltzearen ondorioz dioxina, furano eta metal astunez bete ziren inguruan dauden herrien airea, lurra eta ura. Horrela, Zaldibarko hondamendiak alarma, kezka eta ezinegona sortu zuen, baina denborarekin ahanzturan erortzen joan da bertan gertatutakoa.

Zaldibar Argitu “iluntasunari argia emateko sortu zen”, euren berbetan. “Urte hauetan hamaika aldarrikapen plazaratu eta borrokatu ditugu”, diote, “eta lanean jarraituko dugu gaia ahanzturan ez erortzeko; Alberto eta Joaquin oroituz, gure osasunaren eta ingurugiroaren defentsan eta erantzukizun pribatu zein politikoak argitu arte”, gehitzen dute.

 

Aurrekariak eta auziak

Zaldibarko zabortegiaren proiektua 20 urtez gora eta behera ibili ondoren, zabortegiak 2011n hasi hasi zuen aktibitatea. Tarte horretan hainbat irregulartasun egin ziren zabortegiaren ingeniaritzan eta araudiaren betetzean, baina Eusko Jaurlaritzaren kontroletan ez zen irregulartasun larririk atzeman.

Zabortegia 35 urtez betetzea aurreikusten zen, 2046. urtera arte. 2012an 185.000 tona hondakin jasotzetik, 2018 eta 2019an 500.000 tona baino gehiago jasotzera pasa zen. Horrela, urte horietan Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hondakin gehien pilatu zuen zabortegia izan zen. Gainera, langile batek epaitegian emandako deklarazioen arabera, zabortegira sartzen ziren hondakin arriskutsuetako asko ez ziren araudiaren arabera manipulatzen. Eta, horrez gain, 2020ko otsaila baino lehen, zabortegian zeuden irregulartasunen artean baziren luizia aurreikusteko balio zezaketen batzuk, hondamendia gertatu ondoren argitara eman zen informazioaren arabera.

2021eko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak agindutako peritu txostenek ondorioztatu zuten hondamendiaren arrazoietako bat zigilatze-sistemaren akatsa izan zela, zabor masak bertan jarritako geotestilaren euste ahalmena gainditu zuelako.

Zaldibarko hondamendiaren harira bi auzi ireki ziren. Bata, 2021ean itxi zen fiskaltzak, Verter Recyclingek eta hildakoen familiek sinatutako akordioarekin. Bigarrena, ostera, ingurumenaren aurkako delituagatik ireki zuten eta Durangoko Lehenengo Instrukzio Auzitegiaren eskuetan dago.