Hotza eta izotza hurrengo egunetan, eta bihar goizean elurra egin dezake

Hotza eta izotza hurrengo egunetan, eta bihar goizean elurra egin dezake
2018/02/27 eta kitto!
Hotza eta izotza. Goiz ia osoan eta gauean izotza botako du ia bazter guztietan eta eguerdi partean tenperatura maximoak doi-doi iritsiko dira 2-4 ºC-ra, beraz hotz handia egingo du egun osoan. Zeruan hodei gutxi izango dugu gutxi gorabehera arratsalde erdira arte, eta gero goi-hodeiak hasiko dira sartzen hegoaldetik. Ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da eta gauean ekialdekoa.

Bihar, asteazkena, egunaren lehen partean maila baxuetan egingo du elurra. Goizaldean hegoaldetik fronte beroa sartuko zaigu eta prezipitazioa hasiko du. Une horretan tenperatura oso baxuak izango ditugunez, prezipitazioa elur moduan egingo du ia bazter guztietan. Fronte beroak aurrera egin ahala, aire masak nahastu egingo dira eta elur-kota, baita tenperatura ere, bizkor igoko dira. Gainera, egunaren bigarren partean prezipitazio gutxiago espero dugu. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, zenbait momentutan zakar.

Ostegunean tenperaturak igotzen jarraituko du. Zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira eta zenbait momentutan euri pixka bat egingo du, bereziki barnealdean. Hegoaldeko haizea bizi ibiliko da eta horren ondorioz tenperatura nabarmen igoko da: kostaldean baliteke 15 ºC-ak gainditzea eta gainerako tokietan 10-13 ºC ingurura iristea.

Argazkia: Periko Iriondo
Informazioa: Euskalmet