Ikasten elkartekoek ohiko asanblada orokorra eta bazkaria egingo dute ostegunean

Ikasten elkartekoek ohiko asanblada orokorra eta bazkaria egingo dute ostegunean
2016/01/25 eta kitto!
Datorren ostegunean, urtarrilak 28, urteko eta ohiko asanblada orokorra egingo dute Ikasten elkarteko bazkideek Armeria Eskolan, 11:00etan. Bertan. 2015. urtean egindako ekitaldien balorazioa eta 2016rako aurreikusitako egitarauaren berri emango dute. Bilera amaitu bezain pronto, elkarrekin bazkaltzera joango dira Ipur sagardotegira.
Esperientzia Eskolako ikasle-ohien elkartea da Ikasten eta 200 bazkide inguru ditu gaur egun. Urtean zehar jarduera ugari antolatzen dituzte. Hitzaldiek urteko egitarauaren zati handi bat osatzen dute,  era askotako gaiak jorratzen dituzte eta parte-hartzea oso handia izaten da. Bestalde, Esperientzia Eskolako taldeetan sortutako proiektuei jarraipena emateko lan-batzordeak sortuz joan dira elkartearen baitan: senderismoa, antzerkigintza, kafe-tertulia, bidegorria, joskintza, astrologia, Kaleetan kantuz...
Aste honetarako hainbat gauza antolatu dituzte. Bihar (asteartea) esate baterako, “Las guerras santas (2)” hitzaldia emango du Koldo Ortegak 10:00etatik aurrera Armeria Eskolan, eta arratsaldean puntu eta joskintza tailerrak izango dira Portalean. Asteazkenean (urtarrilak 27) mendi-ibilaldia egingo dute (Eibar-Eitzaga/Aixola-Elgeta-Eibar) eta ostegunean Kaleetan Kantuz abesbatzak asteroko entsegua egingo du San Andres Elizan.
50 urte beteak izan behar ditu Elkartekoa izatea nahi duenak. Baina bertako hitzaldi eta egitasmoetan parte hartzeko, edota ideiak aurkezteko, ez dago adin mugarik. Ikasten-eko jarduera guztiak irekiak eta doakoak dira. Ikasten Elkartea 2005eko azaroan jaio zen, Debabarrenako Esperientzia Eskolako Lehen promoziotik irtendako ekimenari esker. Kezka sozial eta kulturalak dituztenentzat; lanean zirela hainbat jarduera eta ikasketa egin eta bete ezin izan zutenentzat; edo ta orain, denbora dutenean, gehiago sakontzea nahi dutenentzat aukera bikaina eskaintzen du Debabarreneko Esperientzia Eskolak.