Ilara luzeak egon dira supermerkatuetan

Ilara luzeak egon dira supermerkatuetan
2020/04/14 eta kitto!
Aurreko bi egunak jai izan direnez, itxita egongo dira supermerkatuak eta lehen beharreko denda gehienak gaur arte. Egoera horretan, ilara luzeak itxaron behar izan dituzte gaur erosketak egitera gerturatu diren herritarrek.

Covid-19ak eragindako konfinamendua hasi zenetik, ez da arraroa supermerkatuetako atean herritarrak ilara txukunak egiten ikustea, ia denak maskarak eta eskularruak jantzita, eta haien arteko distantzia zuhurra gordeta. Kontsumitzaileen elkarteek gogorarazi dutenez, segurtasun-neurri nagusia da gure irteerak mugatzea, behar-beharrezkoa dena erosteko. Horretarako, beharrezkoa da beharko ditugun elikagaiak planifikatzea, elikadura-zentroetara egiten ditugun bisitak murriztu ahal izateko.

Adituek aholkatzen dutenez, "puntako orduak saihestuz  joan behar dugu erosketak egitera eta beti beste bezeroekin metro bateko edo biko segurtasun-tartea edukitzen saiatuz. "Kutsatuta gaudela pentsarazten digun sintomaren bat badugu, ez dugu inoiz joan behar". Bestalde, gure erosketa-poltsak eramatea komeni da, supermerkatuko orgatxoak eta saskiak erabiltzea saihestuz. "Ez dugu elikagaien gainean hitz egin behar, eta jakiña, eztul edo doministikurik ez!", gogoratu dute kontsumitzaileen elkarteetatik, kutsatzeko bidea elikagaia ez den arren, horiek birusaren euskarri material bihur daitezke-eta.

Txartelarekin edo sakelakoarekin ordaintzea komeni da, eskudirutan beharrean, billeteak eta txanponak ukitzea saihesteko. "Zenbat eta gauza gutxiago ukitu, hobe. Prozesu osoan aurpegia ukitzea ere saihestu behar dugu", gogoratu dute.

Zenbait dendetan  bezero-kopurua gehiago mugatzen ari dira eta segurtasuneko distantzia uzteko protokolo berriak ezarri dituzte erosketan maiztasun eta jende kopuru handiena izaten dituzten ataletako batzuetan (adibidez, arrandegian edo kutxako lerroan bertan). Zenbait supermerkatuk adierazi dutenez, 10:00ak eta 13:00ak bitartean pilatzen da jende gehien, eta 15:00ak eta 16:00ak inguruan, ordea, jende gutxiago egoten da.