Ingurumenaren Mundu Eguna oroitzeko ekitaldiak antolatu ditu Eibarko Udalaren Ingurumen Sailak

Ingurumenaren Mundu Eguna oroitzeko ekitaldiak antolatu ditu Eibarko Udalaren Ingurumen Sailak
2019/05/28 eta kitto!
Nazio Batuek ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Eguna izendatu zuten. Egun hau oroitzeko, Eibarko Udalaren Ingurumen Sailak hainbat ekitaldi anolatu ditu, "gizabanakoen, enpresen zein erakundeen artean ingurunearen kontserbazioa eta hobekuntza errespetatzen dituzten jokabideak zabaltzeko asmoz".

Ekainaren 5ean, 18:30ean "Eibarko ondare naturala" hitzaldia eskainiko du Leire Paz-ek (EKOLUR Asesoria Ambiental) Portaleko areto nagusian. Helburua Eibarko Ondare Naturalaren Inbentarioaren emaitzak aurkeztea da. Proiektu hori Udaleko Ingurumen Sailak 2018an gauzatu zuen udalerriaren dibertsitate naturalaren ezagutza eguneratzeko eta zabaltzeko. Hitzaldia euskaraz izango da eta ordubeteko iraupena izango du.

Egun bat lehenago, ekainaren 4an, "Argitu tailerrak" ekimena eskainiko dute PORTALEAko ikastaro gelan, 18:30ean. Herritar guztiei zuzenduta dago eta helburua eraikinen birgaitzea aurrera eramateko orduan herritarrei energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea da, betiere, modu erraz eta ulergarrian. Eraginkortasun altuko birgaitzearen onura asko ditu, "bestak beste,  aurrezpen ekonomikoa handituko da, energiaren kontsumoa gutxituko baita: isolamenduak, hermetikotasunak, aireztapen egokiak eta instalakuntza eraginkorrek energia aurreztea dakarte eta, ondorioz, baita dirua aurreztea ere. Bestalde, bertan bizi diren familiek osasunean irabaziko dute: hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz eta ondorioz, patologiak ekidinez". Tailerra euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko da. Ordubeteko iraupena izango du eta informazio gehiago hemen lortu daiteke: www.gipuzkoaingurumena.eus/es/argitu
Izena-emateko epea ekainaren 3a arte  egongo da zabalik (gema@izadi21.eus / 628 532 248)