Ipuruako igerilekuak ekainaren 11n zabalduko dituzte eta uda ostean aldagelak berriztatuko dira

Ipuruako igerilekuak ekainaren 11n zabalduko dituzte eta uda ostean aldagelak berriztatuko dira
2016/05/26 13:26
eta kitto!
Udalak 247.000 euro inguru gastatuko ditu Ipuruako kanpoko igerilekuko aldagelak eraberritzeko lanetan. Lehiaketa bitartez esleituko dituzte lanak, 247.633 euroko oinarrizko preziotik (299.636 euro BEZarekin) abiatuta. Prozesua zabalik dago eta obra egiteko interesa duten enpresek ekainaren 14ra arteko epea izango dute euren eskaintzak aurkezteko. Aurtengo uda ostean, igerilekua erabiltzeko sasoia amaitzerakoan, iraila edo urrian ekingo diete lanei eta aldagelak goitik behera berriztatzeko asmoa daukatela aurreratu dute, "1989an eraiki ziren instalazioen kalitatea zein eskaintzen diren zerbitzuak hobetzeko asmoarekin". Adjudikazioa lortzen duenak 14 asteko epea edukiko du beharrak amaitzeko eta, kontratoak jasoko duen baldintza hori betez gero, datorren urtearen hasierarako obra amaituta egongo litzateke. Bien bitartean, estali gabeko igerilekua ekainaren 11n zabaltzen hasiko direla eman dute aditzera.