Ixidro Gabirondo eta Iñigo Muñoa (Sare Herritarrak): “Oso gogorra da bisitak berriro noiz hasiko diren ez jakitea

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Ixidro Gabirondo eta Iñigo Muñoa (Sare Herritarrak): “Oso gogorra da bisitak berriro noiz hasiko diren ez jakitea
ETA KITTO 2020, Mai 08

Koronabirusak bete-betean eragin die presoei ere. Bisitarik gabe eta, beraz, arnas-gunerik gabe gelditu dira. Senide eta hurbilekoek ez dakite noiz arte itxaron beharko duten. Kanpoko guztiei itxi dizkiete espetxeko ateak. Espetxera eta espetxetik «sartzen eta ateratzen diren bakarrak funtzionarioak» omen dira. “Sare Herritarrak”eko Ixidro Gabirondo eta Ibon Muñoa preso eibartarraren Iñigo anaiarekin egin dugu berba presoen egoeraz.

COVID-19ak eragin duen konfinamendu-egoera dela eta, presoen senideak ezin daitezke espetxeetara joan bisitan. Une hauetan presoen eta senideen kezka nagusia osasuna da: “Espetxeetan osasuna beti izan da gai kezkagarria. Kalean edozein huskeria izan daitekeena han asko luzatzen eta korapilatzen da”, dio euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde lan egiten duen SARE herritarren mugimenduko Ixidro Gabirondok.

Konfinamendua indarrean sartu zenean, “hasieran higiene-neurririk hartu gabe” ibili omen ziren, eta Ibonen kasuan (Kordobako espetxean dago), azkenean patiora irtetera behartu zituzten, egoera ikusita egun batzuetan zelda barruan geratzea erabaki zuten arren. “Guk dakigula, funtzionario batek, gutxienez, positibo eman du”, dio Iñigok, “eta funtzionario batzuk, ez denak, maskara barik ateratzen ziren patiora. Ibon eta besteak zeuden ingurura hurbiltzen ziren, segurtasun-neurriak bete barik”.

Bisiten zain
Ibon ongi dagoela jakiteak indarra ematen die senide eta lagunei. Hala ere, bisitarik gabe gelditu izana ez zaie erraza egiten ari. Telefono bidez eusten diote harremanari, “lehen baino gehiago”, dio Iñigok. “Bisitarik gabe gelditu izanaren truke, estatu espainiarrean presoei bideo-deiak egiteko aukera eskaini diete, baina “hori teorian da, eskura dituzten baliabideak oso eskasak baitira. Pentsatu zelan ibiliko diren, espetxe askotan preso guztientzako bideo-deiak egiteko lau gailu besterik ez badaude! Gainera, espetxe bakoitzak bere arauak ditu, eta batzuetan debekatuta dago”.

Bi hilabete daramatzate bisitarik gabe. Egoera luzatzen ari denez, “ezjakintasun horrekin” bizitzea tokatzen ari zaie: “Auskalo noiz joan ahal izango garen! Bisita noiz izango dugun dakigunean data horri begira egoten gara, baina orain ez dakigu ezer”.

Sos presoak copia

Nazioarteko erakundeen gomendioak
Sare Herritarrak taldeko Ixidrok azaldu digunez, “Nazioarteko erakundeek  egindako gomendioak eta neurriak ez dira hartu Espainiako Estatuan. Koronabirusaren pandemiak sortutako egoera larriaren aurrean Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak edo Nazio Batuen Goi Komisarioak ahalik eta bizkorren presoak aske uzteko eskatu die gobernuei”.  Horiek diotenez, ahal den neurrian kartzelak hustu egin behar dira, “oso leku arriskutsuak baitira pandemia-egoera honetan”.

Ixidrok azaldu digunez, “aholku asko eman dituzte baina egin den bakarra bisitak kentzea izan da. Guk uste duguna da gutxienez larriki gaixo dauden presoak, adin aurreratukoak edota urte luzetako espetxealdiak beteta  dituztenak kaleratu beharko lituzketela”. Eta hor sartzen da Ibon Muñoa: “Bost hilabete falta zaizkio kondena betetzeko, urrian irtengo da”. 20 urte beteko ditu kartzelan eta denbora guztian lehen graduan egon da, isolamendu-egoeran.

Egoera gogorra
Egoera hau oso gogorra egiten da. Presoentzako eta senideentzako bisitak ezinbestekoak dira. “Hor sortzen da benetako harremana. Telefono bitartez asko mugatzen da elkarren arteko hartueman hori”. Ibonen kasuan, gainera, “beti esan dugu kondenaren hiru laurdenak aspaldi bete zituela eta legedi arruntarekin eskubidea edukiko lukeela baldintzapeko askatasunean egoteko”. Beraz, are gogorragoa oraindik.

Presoak ere arduratuta daude etxekoen eta herriarren egoerarekin eta osasunarekin, eta eurentzako hain garrantzitsua eta informazio-iturri den egunkaria ez dute jasotzen. “Ibonek irratia entzuten du gehienbat”, dio Iñigok. Konfinamendua hasi zenetik presoei idazteko deia egin izan dute senideek. “Hemengo berri gustura hartzen dute”, gaineratu du Ixidrok. “Maiatzaren 18an Ibonen urtebetetzea izango da, 62 urte egingo ditu, eta eibartar guztiak animatu nahi zaituztet postal edo gutun bat idaztera”.

Bestalde, Gabirondok jakinarazi digunez, Covid-19ak hankaz gora utzi du Sarek aste hauetarako aurreikusita zuen ekitaldi berezi bat. Pandemiarekin dena pikutara joan da, “baina hau konpontzen denean jarriko da martxan, ahal den neurrian”. Eibartarrei ekimen horrekin bat egiteko deia egin die.

Espetxeetako egoeraren salaketa  egin dute
Salhaketak, Sarek eta Etxeratek aste honetan egindako prentsaurrekoan koronabirusaren krisiari espetxeetan aurre egiteko neurririk ez dela hartu salatu dute, eta dei egin diete eragile politiko, sozial eta sindikalei “Espainiako kartzeletako koronabirusaren kudeaketaren salaketa” adierazpenarekin bat egin dezaten. “Orain dela gutxi hiru presori graduan aurrera egiten utzi dieten bezala, kondenak betetzear dutenei edo gaixotasun larriak dituztenei graduan aurrera egiten uzteko eta euren etxeetara bidaltzeko eskatzen diegu berriro ere Espetxe Erakundeei”.

Manifestuak jasotzen duen kritika-zerrenda luzea da. Besteak beste, diotenez, “testa egiteko aukera ez zaie eman espetxeratu guztiei eta espetxeetako funtzionario guztiei; osasun-arretari dagokionez, espetxeetara egokitutako prebentzio- eta laguntza-egitasmorik ez da diseinatu eta are gutxiago aplikatu; ez da bete intimitaterako eta tratu duinerako eskubidea bermatzen duen eta zelda bakoitzean pertsona preso bakarra eduki litekeela dioen legezko araua; senideekin komunikazioa ez da beti bermatu…”
.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »