Jokoa amaitu da

Jokoa amaitu da
2019/01/25 12:53
eta kitto!
Martitzeneko 18.30ak dira eta San Andres elizako parrokia-etxeko gela batean kafe usaina dago. Pasta eta gailetak daude mahai gainean eta hainbat mezu dituzten paperek dekoratzen dute pareta. Jendea sartzen hasi da eta kafea hartzen dute aulkietan eseri aurretik. Euskadiko Jokalari Anonimoen eta Familiakoen Elkartekoak (JAFE) dira, ‘Egun bat’ taldekoak. Anonimoak dira, baina taldearen ateak zabaltzen dizkiote jokoaren arazoa gainditu nahi dutenei (699377520 telefonora deituta).

 

Jokoa uzteko gogoak bultzatuta iritsi ziren taldera ‘Egun bat’ taldeko kideak, eragindako eta jasandako sufrimendua albo batera utzi eta jokorik gabeko etorkizunaren bila. Astean birritan biltzen dira San Andres elizako parrokia-etxean, martitzenetan 18:30ean eta zapatuetan 17:30etan, baina eguneroko borroka da eurena. Ez dute bidea bakarrik egiten, familiakoekin batera egiten baitiote aurre gaitzari, eta taldeko beste kideen adiskidetasuna eta babesa berebizikoa da euren iritziz.

2017ko azaroan hasi ziren San Andres elizako parrokia-etxean biltzen, baina taldeak hogeita hamar urte daramatza martxan. “Hasiera batean jokoarekin arazoak zituzten lagun bi Ondarroako taberna batean biltzen hasi ziren, gero Bilboko jendea batu zen eta Bilbon beste talde batzuk hasi ziren, baita Elgoibarren ere, eta 2017an Eibarrera etorri ginen”.

Konfiantzazko espazioa eratu dute parrokia-etxean eta gertatzen zaienaren berri ematen diote elkarri. “Barruan daukagun guztia askatzen dugu hemen, konfiantza osoz”, diote. “Hemen inork ez gaitu epaitzen, inork ez digu esaten zer egin edo zer ez. Bakoitzak berea botatzen du eta besteok entzun egiten dugu, beste barik”. Auto-laguntzarako terapia-taldea da eta horrela egiten diote aurre jokoaren adikzioari, psikologo edo bestelako profesionalen laguntza barik.

 

Jokoa uzteko 12 pauso

Jokatzeari uzteko nahia duen edonor sartu daiteke ‘Egun bat’ taldean, eta jokalariek eta familiakoek hartzen dute parte martitzen eta zapatuetako bileretan. “Gaixotasunak familiakoak kutsatzen dituelako”. Horrela, jokalariek eta familiakoek elkarrekin egiten dute bidea, “modu paraleloan”. Gainera, taldean sartzeko ez da ezer ordaindu behar, eta laguntza anonimo eta boluntarioekin mantentzen da.

‘Egun bat’ taldekoek esan digutenez hondoa jo behar da gaitz honetatik irteteko. “Jokalariak sendatzeko nahia izan behar du, bestela jai dago”. Euren helburu nagusia jokatzeari utzi eta beste jokalariek berdina egin dezaten laguntzea da. “Sufritzeari uztea, azken finean”. Horretarako, Alkoholiko Anonimoen eredua jarraitzen dute. 12 pauso jarraitzen dituzte adikzioa sendatzeko eta beste 12 pauso taldearen batasuna sustatzeko. “Zailena lehen pausoa da, jokoarekin arazoa duzula onartzea”.

Bilerak egiten dituztenean gai baten inguruan jarduten dute eta ondoren, norbaitek arazo edo kezkaren bat badauka, denen aurrean azaltzen du. “Barruak askatzera etortzen gara hona”, eta bata besteari itxaropena eta indarra transmititzen saiatzen dira.

Jokoaren adikzioa sendaezina dela diote ‘Egun bat’ taldeko kideek. Beraz, eurentzat berebizikoa da bileretara joatea. Jende berria sartu eta irten da taldetik, baina nukleo egonkorra osatu dute. “Bileretara etortzeko irrikitan egoten gara”. Izan ere, gaitzari aurre egiteaz gain, adiskide handiak aurkitu dituzte bertan.