Jon Kruzelaegi: "Gorabehera handirik gabeko abuztua izan da"

Jon Kruzelaegi: "Gorabehera handirik gabeko abuztua izan da"
2018/09/05 eta kitto!
Udako oporretatik bueltan abuztuko balorazioa egiteko ordua izaten da, eta azken asteetan gure herrian zer gertatu den jakiteko Jon Kruzelaegi Udaltzainburuarekin egon gara. Jakina da abuztuan gero eta jende gehiago geratzen dela Eibarren. Herria ez da hutsik geratzen lehen gertatzen zen bezala. Hala ere, egia da jendea beste erritmo batean ibiltzen dela. “Oraindik datu guztiak biltzen ari gara, baina aurrerapen moduan esan daiteke abuztu normala izan dela. Egon dira gauzak, baina nahiko lasaia izan da”, aurreratu du Kruzelaegik. Begibistakoa da abuztuan trafikoa asko gutxitzen dela eta aurten ere horrela izan da. “hamar istripu zenbatu ditugu. Dena dela, kolpe txikiak izan dira”.

Kalean edo tabernetan erori edo beste arrazoiengatik artatu behar izan diren pertsonak hamar izan dira, “baina hauek ere ez dira larriak izan. Batzuk bertan artatu ditugu eta besteak anbulatoriora eraman ditugu”. Etxeetan lau erorketa izan dira, horiek pertsona nagusiak izan dira eta udaltzainen laguntza behar izan dute lurretik altxatzeko. Bestetik, telealarma zerbitzua erabili duten eibartarrak hamar inguru izan dira, “eta kasu hauetan ere gu hurbiltzen gara”.

Liztor asiatikoa izan da abuztuko protagonistetako bat. Guztira 18 dei jaso dituzte. “Foru Aldundiak aplikazioa bat dauka bere webgunean, eta guk hor abisua ematen dugu. Modu horretan, liztor asiatikoari aurre egiteko Aldundiak ezarri duen protokoloa martxan jartzen da. Dena dela, esan behar dugu sasoi honetan egoten diren habiak nahiko txikiak izaten direla”.

Obrei dagokienez, aurten ez da aparteko lanik egin: Txantxa Zelaian eta Urkin ur-hoditeriak aldatzen jardun dute eta, bestetik,  Aldatze inguruan igogailuaren lanekin jarraitu dute. Horretaz gain, ospitalaren inguruan egiten ari diren lanak ez dira geldirik egon eta DEJ enpresak Otaolan izandako lokaletan supermerkatu berria eraikitzen hasi dira. Hemen ere ez dira arazoak sortu, oinezkoak pixkat desbideratu behar izan dira, “baina kaltzada apurtxo bat estutzearekin nahikoa izan da“.

Abuztuan hasi dira Otaolan supermerkatu berria eraikitzeko lanak. Abuztuan hasi dira Otaolan supermerkatu berria eraikitzeko lanak.