KIUBek 1.500 kontsulta ingururi eman zion erantzuna iaz

KIUBek 1.500 kontsulta ingururi eman zion erantzuna iaz
2023/03/21 12:41
eta kitto!
Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 1.426 kontsulta artatu eta 147 erreklamaziotan bitartekaritza-lanak egin zituen 2022an. Arreta gehienak telefonoz egin ziren, pandemiak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz. Horrela, 774 kontsulta egin ziren telefonoz, 477 Internet bitartez eta 175 bulegoan aurrez aurre.

Kontsulta-motari dagokionez, telefoniari buruzkoak izan ziren nagusi (185), fakturazioari, Interneteko konexioei eta telefono-konpainien aldaketei buruzko galderak jasoz, besteak beste. Bigarren tokian gasaren eta elektrizitatearen energia-merkaturatzaileen inguruko kontsultak jaso ziren gehien (150), eta hirugarren postuan aseguruei eta haien estaldurei buruzkoak (98).

Erreklamazioei dagokienez, KIUBek 147 kasutan egin zuen bitartekaritza-lana eta, aurreko urteetan bezala, telefoniako alorra izan da erreklamazio gehien eragin dituena (57), arrazoiak beste urte batzuen antzekoak izan direlarik: fakturazioa, kontratazioa, betetzen ez diren baja-eskaerak, aparatuen funtzionamendu txarra eta eskatu ez diren zerbitzuak kobratzea.