Kontsumo-eredu arduratsuagoaren aldeko jarduerak egongo dira larunbatean Eibarren

Kontsumo-eredu arduratsuagoaren aldeko jarduerak egongo dira larunbatean Eibarren
2022/05/11 eta kitto!
Bidezko merkataritzaren munduko eguna dela eta, zapatuan, maiatzak 14, Egoaizia, Proyde-Proega eta Aldatzen-ek, Untzagan egingo dituzten jardueretan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Besteak beste, bidezko merkataritzako produktuen salmenta eta doako dastatzea, haurrentzako tailerrak Zorionak ludotekaren eskutik, zuzeneko musika, eta bidezko merkataritzako produktuen hiru otarren zozketa antolatu dituzte. Egitaraua 10:00etan hasi eta 14:30ean amaituko da.

Egoaizia, beste erakunde aliatu batzuekin batera, mapa birtual bat sortzeko lanean ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak babestutako “Eibar eraldatzailea” proiektuaren barruan, “Eibarko kontsumo-eredua arduratsuagoa, kritikoagoa, eraldatzaileagoa eta feministagoa izan dadin”.