(BIDEOA) La Sallek eta Farmacook-ek haurren elikadura osasuntsua bultzatzen duten bideoak egin dituzte

(BIDEOA) La Sallek eta Farmacook-ek haurren elikadura osasuntsua bultzatzen duten bideoak egin dituzte
2020/05/09 eta kitto!
COVID-19aren eraginez etxean isolamenduan egoteko egunak arintzeko asmoz eta, bide batez, "gure osasunaren eta osasun globalaren garrantzia familiartean lantzeko aukera emateko", `Elikadura osasuntsua, bidezko elikadura´ proiektuarekin aurrera jarraitzea  erabaki  dute Proyde-Proega GKEak, La Salle Eibarrek eta Farmacook nutrizio eskolak. Astero pare bat bideo zabalduko dituzte, familiartean egin ahal diren errezeta osasuntsuekin. Osasuntsuak izateaz gain, erraz egitekoak izango dira. Bideoetan, errezetak azaltzen eta aholkuak ematen, Farmacook-eko Zaloa Otaduy farmazialari eta nutrizionista ikusiko dugu.


Martxoan, Eibarko udalaren laguntzarekin, Proyde-Proega GKEak, La Salle Eibarrek eta Farmacook nutrizio eskolak “Elikadura osasuntsua, bidezko elikadura” hitzaldia egin zuten Zaloa Otaduy-ren eskutik. Proiektuarekin bultzatzaileek adierazi dutenez, "elikadura osasuntsuago bat egiteko premia handia dago momentu honetan, eta garrantzitsua da bidezko elikadura kontutan hartzea ere. Gure osasuna eta osasun globala batera zaindu ditzakegu, elikadura kontzienteago bat eginez".

Horren harira, Proega astearen barruan tailer batzuk antolatuta zituzten Lehen Hezkuntza-ko ikasleekin egiteko, baina pandemiaren hedapenaren eraginez "dena bertan behera gelditu zen, eta interesgarria iruditu zitzaigun proiektuari amaiera emateko ideia ona izan zitekeela bideo batzuren bidez bideratzea, eta horrela egin dugu", diote. Nahiz eta tailerrak, printzipioz, LH-ko ikasleentzat planteatuta zeuden, formatu honetan adin guztietara zabaltzea erabaki dute, "familiartean egin ahal direlako". Elkarlan horren lehenengo emaitza egunotan hasi dira banatzen La Salle ikastetxeko familien artean, eta, aldi berean, herritar guztiekin partekartzea erabaki dute,  www.etakitto.eus webgunearen bitartez.


Hemen daukazue lehenengo errezeta: TXOKOTXIP GAILETAK

https://www.youtube.com/watch?v=iLtasGv3t4A&feature=youtu.be