Leioako Campusarekin lotura zuzena izango dute Eibarko ikasleek urriaren 1etik aurrera

Leioako Campusarekin lotura zuzena izango dute Eibarko ikasleek urriaren 1etik aurrera
2015/09/28 eta kitto!

Eibarko Udalak ezagutzera eman duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibuseko UPV/EHU Leioa linea Eibarreraino zabaltzeko Udalaren eskaria onartu du. Honen ondorioz, ikasle eibartarrek Egogainen hartu ahal izango dute Leioara joateko autobusa goizeko 6:30ean eta 7:30ean. Autobusa, Ermuara bidean, Unibertsitatean ere geldituko da. Leioatik Eibarrera bueltatzeko aukerak berriz 4 izango dira: 13:10, 15:10, 18:10 eta 20:30.



Ikasle unibertsitarioek osatutako Bikain elkarteak Donostia eta Bilboko kanpusera zihoan zerbitzu zuzena bertan behera lagatzea erabaki zuen orain dela hilabete batzuk. Elkarte honek 20 urtetan jardun du Eibar, Ermua eta Elgoibarko ikasleak egunero kanpusetara eramaten eta bueltan ekartzen, baina arrazoi ekonomikoak zirela eta, ezin izan zuen zerbitzu hau eskaintzen jarraitu. Orain dela urte batzuk Bikaineko autobusek 1.000 ikasle inguru eramaten zituen, baina urtetik urtera beheruntz joan da erabiltzaile kopurua. Izan ere, iaz 200 inguruk erabili zuten zerbitzua. Bikain elkartearen zerbitzua desagertzearen ondorioz, Eibarko ikasleak lehenengo Ermura joan behar ziren, handik zuzenean Leioara joateko, edo, bestela, Eibartik Termibusera eta handik Leioara.


Eibarko Udalak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin lortutako akordioaren ondorioz, urriaren 1etik aurrera (osteguna), Eibarko ikasleek herrian bertan hartu ahal izango dute Leioara eramango eta, ondoren, bueltan ekarriko dituen autobusa.