Lorea Urkia: “Ez dugu atsedenik eduki, baina asko gozatu dut”

Lorea Urkia: “Ez dugu atsedenik eduki, baina asko gozatu dut”
2023/03/29 eta kitto!
Joan den astean egin zen Miss Grand Spain Kanariar Uharteetan eta gure ordezkariak, Lorea Urkiak, ekitaldia nola bizi izan zuen kontatu digu. Miss Grand Euskadi eibartarrak ezin izan zuen koroa jantzi, baina inoiz ahaztu ezin izango duen esperientzia bizi izan zuen.

Urkiak astebete egin zuen Kanariar Uharteetan eta, bere berbetan, “aste laburra izan zen, baina gogorra. Ez genuen atsedenerako denborarik eduki, baina asko gozatu nuen. Eta beti esaten dudan bezala, hori da garrantzitsuena, bizitzaz gozatzea eta esperientzia berrietatik ikastea”. Horrez gain, “lagun handiak egin ditut eta eurak barik astebete hau ez litzateke gauza bera izango”.

Saio berezirako kontzentrazioa hilaren 19an hasi behar bazen ere, Urkiak eta beste kide batzuek bezperan egin zuten bidaia, “lasaiago ibiltzeko”, bere berbetan. Gero, egunerokoan, ia ez zuten atsedenik eduki. “06:00ak inguruan esnatzen ginen, gosaldu eta entseguekin hasteko. Bazkal ostean ere entseguak egiten genituen, eta baita gauean ere, 00:00-01:00ak arte”. Entseguetan zera egiten zuten: “pasarela, interpretazioa, gorputz adierazpena, oratoria…”.

Baina egonaldi osoa ez zen entseguetara mugatu eta zenbait bisita turistiko egiteko aukera izan zuten. “Loro Parkera joan ginen egun pasa, Kultur Etxearen eskutik alde zaharra ezagutu genuen eta baita Kanariar Uharteetako historia ere…”, kontatu digu.

Miss Grand Euskadi irabazi zuenetik ilusioz bizi izan du esperientzia guztia Urkiak eta hilabete hauetan bere alboan egon direnei eskerrak eman nahi dizkie: “Onenak zarete!”.