Magia Errekatxu 16an

Magia Errekatxu 16an
2018/10/05 eta kitto!
Nahiz eta hasiera batean organo merke gisa saldu zitzaien elizei, 1960 eta 1970eko hamarkadetan jazz, blues eta rock musikarako teklatu estandarra bilakatu zen Hammond organoa. Ekoizle handia zen mundu mailan, erreferentea, Jose Luis Elorza eta Jesus eta Jose Ibaceta anaiei bidea erakutsi zien eredua. Hainbat arlotan ezagutza handia zuen hirukoteak eta, planorik gabe, Hammond enpresako buruak aho zabalik utziko zituen musika tresna sortu zuten, Helmholtz organoa.

 

“Demaseko zortea izan zen sasoi eta toki berean Jesus eta Jose Ibaceta eta Jose Luis Elorza bezalako jenioek bat egitea”, dio miresmenez Jesus Maria Aguirrek. Mekanika, fisika, eraikuntza, diseinu, elektrizitate, elektronika eta soinuaren inguruko ezagutzak zituen Armeria Eskolan ibilitako hirukoteak, eta gizartearentzat zerbait erabilgarria eta praktikoa sortzeko gogoak hainbat asmakizun egitera bultzatu zituen.

Kalbetoi kaleko 20. zenbakiko ganbaran elkartzen ziren. “Ganbara hura Eibarko zentro teknologiko nagusia zen sasoi hartan”, dio Aguirrek. Hozkailu elektronikoa diseinatu zuten, “freskera eta hozkailu lehorren sasoi hartan imajinatu ere ez zitekeen zerbait”, baina hirukoteak musikarekin jo zuen goia.

Teklatu monofonikoa sortu zuten lehenik, baina organo polifonikoa zuen begiz jota hirukoteak. Hala ere, ez zuten organoa egiteko planorik eta horren inguruan lortu ahal zuten informazioa oso urria zen. ‘Radio Electronics’ aldizkaria lortu ahal izan zuten, baina azken finean aldizkaria ez zen organoa sortu ahal izateko gida. Gainera, ingelesez zegoen. “Nik ez nuen tutik ulertzen”, esan zion Jose Ibacetak Aguirreri. Orduan, Ermuko elizatik hartutako Hammond organoari barrenak atera eta hori erabili zuten gida bezala. Horrekin eta aldizkarian jartzen zuen informarekin aurrera egin zuten.

Nork itzuli zuen gaztelerara ‘Radio Electronics’ aldizkarian jartzen zuena? “Jose Luisek”, dio Aguirrek, “bera zen burua, adimena”. Eta nork sortu zituen piezak? “Ibazeta anaiek, jenio hutsak ziren”. Argi zeukaten organo on bat egiteko organo-ekoizle onenari kopiatu behar ziotela, hau da, Hammondi. Hala ere, eibartarrek ez zuten informazio handirik, ezta elementuen neurriaren erreferentziarik ere; eta euren eskura zituzten baliabideak ez ziren Chicagon Hammond enpresa handiak zituen bezalakoak, ezta gutxiago ere.

 

Hegazkin baten antzera

Errekatxu kaleko 16. zenbakian eduki zuten lehen tailerra Ibaceta anaiek eta Elorzak. Eraikin mistoa zen, oso ohikoa sasoi hartan eibarren, eraikin berean industria eta etxebizitzak elkarrekin bizi ohi zirelako. Euren abenturak aurrera egiten jarraitu zuen, baina izen bat behar zuten eta Elorzak Helmholtz izena jartzea proposatu zuen, Hermann Von Helmholtz fisikari alemaniarraren omenez. Oinarrizko seinale senoidaleen sintesi gehigarrien bitartez tonu musikal konplexuen lorpena frogatu zuen Von Helmholtzek eta Elorzari izen egokia iruditu zitzaion enpresarentzat. “Gainera, Helmholtz ahoskatzerakoan Hammond antzera entzuten da”, Aguirrek dioenez.

96 notako tonu-sorgailu bat diseinatu zuten, 8 oktabakoa. Danbor erako sorgailua zen, motor elektrikoa eta marruskadura-gurpila zuena. “Hegazkin baten zarata egiten du martxan jartzen denean”, Aguirreren esanetan. “Hori bai, musika doinuak irteten direnean zoragarria da”.

 

Organoen bilakaera

‘Unda Maris’ izeneko organoa izan zen Helmholtz enpresak sortu zuen lehena, 1958an. Kommutadore birakaria eta 62 notako teklatu bakarreko organoa zen. Gaur egun Iruñean aurkitu dezakegu horrelako modelo bat. Ondoren, hainbat hobekuntza egin eta gero, ‘Stella Maris’ modeloa sortu zuten. “Hankekin soinu baxuak sortzeko aukera gehitu zioten, pedalierra, lehen zortziduna jotzeko; bi teklatu maila zituen; eta bozgorailuak, anplifikadoreak eta beste hainbat gauza aldatu zituzten”. Organoaren altzariak Elgoibarko Florentino Etxeberria ebanistak egin zituen eta teklatuak egurrezkoak ziren, Zarauzko piano fabrika bati erositakoak.

Egindakoa handia bazen ere, Helmholtz bidegurutzean zegoen. Juan Urteaga kontzertista famatuak ‘Hammond CV’ batekin kontzertua eskaini zuen Astelena frontoian eta han entzundakoarekin ondorio batera ailegatu zen hirukotea. Danbor-sorgailuekin ez zuten etorkizunik Europan indartsu sartzen hasitako organo amerikar berriekin alderatuz. Organo berri horien antzeko bat eraiki behar zuten.

Urteetako lanaren ondoren, 1961an, Helmholtz goratuko zuen organoak argia ikusi zuen, ‘Helmholtz Church’ modeloak. “Mirari teknologiko, mekaniko eta akustikoa da, eta metal preziatuak ditu”, dio Aguirrek. Paladioa, kobrezko hari berezia, brontze-aluminiozko aleazioa, beira… Goi-mailako organoa sortu zuten Ibacetatarrek eta Elorzak.

 

Amerikarrak harrituta

Sorkuntzarekin harro, Helmholtz enpresa eibartarrak bere organoaren berri eman zion Hammond konpainia handiari eta bisitak jaso zituzten. “Abuztu batean gazte argentinar bat etorri zen. Helmholtzen fabrika inguruan musika entzun eta barrura sartu zen. Organoa jotzeko gonbitea egin zioten eta langileak zur eta lur geratu ziren. Ezin zuten sinestu argentinar haren eskuetan hain ondo entzuten zen organoa eurek sortutakoa zenik. Maisuki jotzen zuen”. Charles Wilson zen, Hammond konpainiaren demostratzailea, eta ondoren beste batzuk etorriko ziren.

Stanley Sorensen Hammond konpainiako zuzendari orokorra izan zen Errekatxu bisitatu zuen hurrengoa. Laurens Hammond sortzailearen tokia hartu zuen Sorensenek. “Txundituta zegoen, ez zuen ulertzen Errekatxuko eraikin txiki hartan horrelako organo bat egin ahal izana”. Hammondek 8.000 langile inguru zituen Chicagon eta hiru eibartarrek Hammond organoaren erreplika egitea lortu zuten. Sortzaile eibartarrak zoriondu eta Chicagora bueltatu zen Sorensen, baina hilabete gutxira Hammonden beste ordezkari bat etorri zen, Herbert Meynema zuzendari teknikoa. Eskuak organo azpitik sartu eta barrutik ukitzen zuen honek. “Nahi beste ukitu ezazu, zure organoa bezalakoa da”, esan zion Jose Ibacetak. “Hammonden fabriketatik kanpo gure organoek bezalako bat ikusten dudan lehen aldia da”, erantzun zuen Meynemak, “non daude planoak?”. Orduan, burua seinalatuz, zera erantzun zion Ibacetak. “Hemen”. Oinarri moduan hartutako Hammond organoaren 13.500 piezak hartu, kopiatu, eta organoa sortu zuen Helmholtz enpresak, planorik erabili barik. Meynemak zoriondu egin zituen eta taloitegia atera zuen organoa erosteko. Gaur egun, Chicagon aurkitu dezakegu organo hori.

 

Helmholtzaren pozoia

60 urte pasa dira Ibaceta anaiek eta Elorzak abentura honi ekin ziotenetik, baina Helmholtz organoek bizirik jarraitzen dute. 50 organo sortu zituzten guztira eta gaur egun kontzertuak eskaintzen dituzte horietako batzuek. Chicagon dagoen horrez gain, 19 daude Euskal Herria eta Espainian zehar sakabanatuta. Ermuko San Lorenzoko elizan ‘Stella Maris’ organo bat dago, Eibarko Armagintza Museoan ‘Helmholtz Church’ modeloa aurkitu dezakegu eta musikari asko liluratuta geratzen dira organo hauen soinuarekin. “Julian Maeso pozez zoratzen jarri zen Eibarrera kontzertua ematera etorri zenean eta Helmholtza deskubritu zuenean”, dio Aguirrek. Zerbait berezia du Helmholtzak. Aguirrerentzat pozoia da. “Jose Luis Elorza eta Jose Ibacetak Helmholtzaren pozoia sartu zidaten eta euren lekukoa hartu dut”. Pozoi horri esker Helmholtzaren soinu magikoak bizirik jarraitzen du.