Marcan Huella: “Txakurren adopzioak etetea erabaki dugu iruzurrak ekiditeko”

Marcan Huella: “Txakurren adopzioak etetea erabaki dugu iruzurrak ekiditeko”
2020/04/01 19:10
eta kitto!
Alarma egoeran kalera irteteko baimena dute txakurren jabeek eta horrek aldi baterako txakur bat hartzeko gogoa piztu die batzuei. Debabarrenean lan egiten duen Marcan Huella elkarteak ez ditu normalean baino eskaera gehiago jaso, baina aukera hori errotik moztu du txakurren adopzioak etenez. Hala ere, euren jarduera ez da eten eta aktibo jarraitzen dute txakurren erreskatean.

 

- Konfinamendu sasoian txakurrak hartzeko edo adoptatzeko eskaera gehiago jaso dituzue?

Azken aldian nahiko sasoi lasaia bizi izan dugu galdutako edo utzitako txakurrekiko, eta konfinamendu sasoian ez dugu aldaketarik somatu, lehendik ere txakurrak harrera-etxeetan zeudelako. Hala ere, esan digutenez txakurrak babesten dituen inguruko elkarte batek eskaera gehiago izan ditu konfinamenduaren ondorioz. Euskal Herrian ez, baina hemendik kanpo badago txakur guztiak harreran eman dituen elkarteren bat, alarma egoera amaitzerakoan itzuli egingo dituztela jakinda ere. Gu ez gaude ados jokabide horrekin. Txakurren erabilera egiten da eta guk horren aurka borrokatzen dugu hain zuzen ere.

- Normalean nola jarduten duzue?

Guk berez ez dugu aterpetxerik, harrera-etxeekin eta azpikontratatutako txakur-erresidentziekin egiten dugu lan. Galduta edo utzita dagoen animali baten berri izaten dugunean, gure boluntario taldea (ez gara gehiegi eta esker onez hartuko genuke jendea) martxan jartzen da eta animalia erreskatatzen du. Orduan, animalia harrera-etxe batera bidaltzen saiatzen gara beti, kaiola batean sartzea ekiditeko. Hala ere, ez bada posible, txakur-erresidentzia batera eraman behar izaten dugu.

- Harrera-etxeak aldi baterako edo behin betiko izaten dira?

Gauza biak izan daitezke. Normalean, animali bat hartzen duzunean, gero adopzioan ematen duzu. Hala ere, aldi baterako kontua izaten dena behin betiko kontua bihurtzen da batzuetan, familiaren eta animaliaren artean harreman berezia sortzen delako.

- Alarma egoerak nolako eragina izan du zuen jardunean?

Txakurren adopzioak etetea erabaki dugu iruzurrak ekiditeko. Ez da kasua, baina orain dela hilabete batzuk agertu zen txakurkume baten adopzioa martxan genuen alarma egoera ezarri aurretik (familiara oso ondo egokitu zen eta dena oso ondo zihoan), baina alarma egoeragatik adopzio-prozesua eten behar izan dugu. Beraz, txakurren bat adoptatu nahi duen norbait badago, itxaron egin beharko du. Txakur bat adopzioan emateko familia ezagutu behar dugu, txakurra non biziko den ikusi, adoptatu aurretik txakurrak denboraldi bat pasatzen du etxe horretan eta, alde biak ondo moldatzen badira, orduan adoptatu daiteke txakurra. Bestetik, alarma egoerak Marcan Huellaren hainbat egitasmo zapuztu ditu. Bazkideen ekarpenei eta antolatzen ditugun ekimenei esker lortzen dugu finantzazioa, eta, urtero bezala, maiatzaren 22an ongintzazko gala egin behar genuen Coliseoan, baina bertan behera utzi behar izan dugu. Gero, urtean bi martxa egiten ditugu (udazkenean eta udaberrian), Marcan Huellaren produktuak saltzeko mahaiak jartzen ditugu… eta egoera honetan ez dakigu gauza hauek egin ahal izango ditugun edo ez.

- Txakurrak erreskatatzen jarraitzen duzue?

Arriskuan dauden animaliak erreskatatzeko baimena eman du Gobernuak. Beraz, Marcan Huella arriskuan dauden animalien bila joan daiteke alarma egoera egon arren. Joan den astean galduta zegoen setter baten kasua izan genuen Ermuan. Boluntario batek etxera eraman zuen, baina txakurraren jabeak agertu ziren eta entregatu egin genien. Bestetik, harreran dauden txakurrak behar bezala daude. Txakurrek txipa dute eta txakurren kartilla Marcan Huellaren izenean dago. Ffamiliek kontratua firmatzen dute eta txakurrekin kalera irteteko aukera izaten dute arazo barik.

- Nola moldatzen zarete aterpetxerik gabe?

Orain dela hilabete batzuk geratu ginen aterpetxerik gabe eta asko ari zaigu kostatzen hemen inguruan zerbait txukuna aurkitzea. Aterpetxe barik, txakurren hoteletara jo dugu. Txakurrak oso ondo daude hoteletan, baina aterpetxe bat aurkitu behar dugu. Momentu batean txakur gutxi eduki ditzakegu, baina bat-batean bost txakurkume batera etorri daitezke, eta zer egingo dugu guk bost txakurrekin? Aterpetxea beharrezkoa dugu.

Marcan Huella

Urtean bi irteera egiten ditu Marcan Huellak.

Marcan Huella Lia

Goiko argazkiko txakurrak Lia du izena. "Etxeko berotasuna ezagutu ondoren gurera itzuli da", diote Marcan Huellakoek. "6 urte inguru dituen tamaina erdi-txikiko ehiza-txakurra da. Familia batekin elkarbizitzen daki eta pisu batean bizitzera ohituta dago. Oso maitekorra eta argia da, eta benetan maiteko duen familia bila dabil".