Marea biziak Euskal Kostaldeko Geoparkean

Marea biziak Euskal Kostaldeko Geoparkean
2015/09/22 eta kitto!

Iraileko marea biziak direla eta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak hiru irteera gidatu eskainiko ditu marearteko zabalgunea ezagutzeko. Irailaren 27an, igandea, 2 irteera egingo dira eta irailaren 29an, asteartea, beste bat. Zalantzarik gabe, ikusmin handia sortzen duen gertaera da eta ezin hobea Euskal Kostaldeko Geoparkeko marearteko zabalgunea ezagutzeko.

Irailaren 27an, igandea, bi bisita gidatu egingo dira, bata Deban, Sakoneta inguruan (euskaraz) eta bestea Zumaian (gazteleraz). Bi irteerak goizeko 10:00etan egingo dira. Irailaren 29an, asteartean, beste bisita gidatu bat egingo da, goizeko 11:00etan, Zumaian (gazteleraz).
Bisitaren iraupena 3 ordu eta 15 minutukoa da. Gomendagarria da haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea.


Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, “bisita harrigarri honek biologiari erreparatzen dio batez ere. Itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutuko dugu, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua. Oso ekosistema aberatsa dauka: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean".


Marearteko zabalgunea kontu handiz zaindu beharreko ingurua da. Ikuspegi biologikotik begiratuta, nabarmentzekoa da bertako aberastasun ekologikoa eta itsasertzeko ekosistemen aniztasuna. Hori dela eta, ingurumenarekiko errespetuz jokatzea eskatzen die Geoparkeak egunotan hurbilduko diren bisitariei, antolatutako bisita gidatuetan parte hartuz eta une oro giden azalpen eta oharrei kasu eginez.


Erreserbak online egin daitezke geoparkea.com webgunearen bitartez edota Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan.