[MARTXOAK 8] Diskurtsoa eta antolakuntza, borrokan jarraitzeko

[MARTXOAK 8] Diskurtsoa eta antolakuntza, borrokan jarraitzeko
2020/03/06 eta kitto!
Martxoaren 8a kolore morez idazten da. Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna borrokarako, aldarrikapenerako eta mobilizaziorako eguna da, 111 urtez emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko eta eskubide horiek betetzea eskatzeko erabiltzen den eguna. Azken urteotan Eibarko, Euskal Herriko eta munduko hainbat tokitako kaleak morez jantzi dira, mugimendu feministaren mobilizazio gaitasun handiaren erakusle. Domeka borroka eguna izango da.

 

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunak irudi ikusgarriak utzi dizkigu azken urteotan. Eibarren aspaldi ikusi ez den jendetza irten da kalera eta emakumeek babes osoa eman diete azken bi urteotan deitutako greba egunei. Marea morea Euskal Herri guztira iritsi da, olatua hazten doa, eta gero eta indar handiagorekin eragiten du norbanakoetan eta, ondorioz, gizartean.

Eibarko Martxoaren 8ko Plataforma Feministak argi zuen aurten ez zutela greba deialdirik egingo. “Iazko mobilizazioak amaitzean egin zuten hausnarketaren emaitza da”, plataformakoen berbetan. Gainera, aurten martxoaren 8a domeka izateak hartutako erabakia berresten du. “Baina beste alde batetik, domeka izanik, eguneko egitaraua antolatzeko aukera gehiago izan ditugu”. Tresna arrakastatsua izan arren, uko egin diote greba deitzeari, baina horrek ez du esan nahi borrokan tinko jarraituko ez dutenik. Guztiz kontrakoa. “Beste modu bateko planteamendua egin nahi genuen”.

‘Antolatu indarrak, batu borroka feministara’ izango da aurten erabiliko duten goiburua. “Azken urteotan feminismoa asko sozializatu da. Horrek gauza positiboak ekarri ditu, baina diskurtsoa difuminatu egin da neurri handi batean. Iazko greban, adibidez, jendetza batu zen, baina maila diskurtsiboan edo guretzat oso oinarrizkoak diren gauza batzuetan ez dakigu zein puntutaraino zeuden presente hainbat aldarrikapen”. Adibide bat jartzearren, zera diote. “Baten bat telebistan feminismoari buruz berbetan entzuten genuen, eta antolakuntza eta militante moduan ez gentozen bat esaten zuenarekin”. Mugimendu feministaren diskurtsoa berriz planteatzeko beharra ikusten dute. “Zergatik? Zer gara? Zelan ulertzen dugu feminismoa? galderei erantzuteko”. Edukietara itzultzeko sasoia dela diote. “Jende askok egin du bat feminismoarekin eta oso ondo dago, baina gauzak politizatzeko eta masa-mugimendu bihurtu den horri irakurketa bat emateko sasoia heldu da. Hau da, Zarak ezin du kamiseta feminista bat egin eta hori ari da gertatzen. Beraz, mobilizazioetara goazenean modu kontzientean joatea da asmoa. Badakigu arlo guzti-guztietan  koherentzia edukitzea zaila dela, baina kontziente izan behar gara guk aldarrikatzen duguna Zara eta horrelakoei ezetz esatea ere badela. Guk oihartzun gutxiago dugu. Gure mezua helarazten saiatzen garela eta botere gehiago dutenen mezua askoz indartsuagoa edo ozenagoa dela ikusi dugu. Guk eskuorriak eman ditzakegu, baina besteek presentzia handiagoa dute telebistan eta etengabe iristen zaizkigun mezuetan. Beraz, mugimendu feminista maila diskurtsiboan lantzen saiatuko gara”.

 

Hausnarketa, eztabaida eta kontzientzia

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak 3.000 emakume baino gehiago batu zituen Durangon 2019ko azaroan. ‘Salda badago’ goiburuarekin feminismoaren inguruan hausnartu zuten eta Eibarko Martxoaren 8ko Plataforma Feministarentzat baliagarriak izan dira handik atera ziren gogoeta eta ekarpenak. “Feminismoaren diskurtsoan eragina izan dute han landutako gaiek eta mugimenduaren barrenak mugitu ditu. Azken finean, jardunaldiek salda badagoela erakutsi zuten”. Eibarko Plataformakoen berbetan, “maila diskurtsiboan eta buruari bueltak emateko” ekarpenak eskaini zizkieten jardunaldiek, “baina praktikan ez zuen aldaketa handirik ekarri”.

Azken urteotan herrian jasotako babesa handia izan arren, plataforma osatzen duen lantaldean ez da aldaketa handirik izan, nahiz eta jende berria sartu den. “Oinarriak mugitu egin dira. Ez da iraultza bat izan, baina ez gaude orain dela lau urte bezala. Kontzientzia maila asko aldatu da”. Martxoaren 8aren ondoren martxoaren 9a dator, 10a gero, eta azken urteetako mobilizazio handiek plataforman eta herriko mugimendu feministan eragiteaz gain, gizartearen egunerokoan eragina izan du baita ere. “Etxe askotan feminismoaren inguruko eztabaidak eta berriketaldiak sortu dira, eta emakume asko euren espazio intimoetan mugak jartzera animatu dira, adibide batzuk aipatzearren. Hau da, lehen egiten ez ziren hausnarketak eta eztabaidak sortu dira”.

Urtarrilaren 30eko greba orokorrak aurtengo Martxoaren 8 Plataformaren lana baldintzatu du, “horren ondoren hasi ginelako Martxoaren 8ko egitaraua prestatzen”, baina greba eguna ez izateak prestaketa-lana erraztu du. “Aurreko urteetan greba deitu dugunez, gauza askoren inguruan hausnartu behar izan dugu, jendea informatzen saiatu, auzoetara heltzen ahalegindu eta beste mila gauza. Demaseko aurrelana egin behar izan genuen. Aurten, ordea, domekarako egitaraua prestatzeko lanetan ibili gara eta ez hainbeste egunaren zentzuaz hausnartzen”. Aurreko urteetako ekintzen prestaketan lan handia egin behar izan arren, oso positiboa izan zela azpimarratzen dute. “Gainera, jendearen erantzuna bikaina izan zen eta hausnarketarako aukerak eskaini zituen esparru askotan”.

 

Egun osoko egitaraua

Eibarko Martxoaren 8ko Plataformak Euskal Herriko Mugimendu Feministaren diskurtsoarekin bat egiten du, baina egitaraua antolatzeko orduan libre ibili dira, ekintzak Eibarko errealitatera egokituz.

Domekan lehen ordutik egingo dira ekintzak. 9:00etan, Elkargunearen irekiera egingo da Untzagan, “erreferentziazko toki bezala”, eta egun osoan zehar egongo da zabalik. Gero, 11:00etan, mintzodromoari hasiera emango zaio. “Feminismotik lortu diren lorpenei buruz berba egitea, aurtengo goiburuak dioenarekin lortu ditzakegun gauzak azpimarratzea, eta aurrean ditugun erronkak zeintzuk diren ikusi eta horren inguruan hausnartzea da helburua”. Parte-hartzaileak talde txikietan banatuko dira, parte hartzea sustatzeko. 13:00etan, ‘Emakumeak* Dantzara!’ ekimena egingo da KAXAkoen eskutik. ‘Elkarrekin indartsuago gara’ da KAXAkoek erabili duten aldarria eta aurretik entseguak egin dituzte dantzak prestatzeko. “Emakumeon indarra erakustea da gure asmoa, modu errazean, gustora sentituko garen ingurunean. Artea emakumearen ahalduntzearen alde borrokatzeko tresna gisa erabiliko dugu”, diote KAXAkoek. Ondoren, poteo girotua egingo da eta 15:00etan bazkari autogestionatua Untzagako karpan. Iazko bazkarian oso giro polita sortu zela diote eta 16:30ean hasiko den bazkaloste musikatuari bide emango dio. “Batzuek gitarra eramango dute, eta ikusiko dugu nolako giroa sortzen den eta jende gehiago animatzen den”. 18:00etan mobilizazioa hasiko da Untzagan eta herriko kaleetan zehar entzungo dira feministen aldarrikapenak. Azkenik, eguna borobiltzeko, ekitaldia egingo da Untzagan. Egitarau ez mistoa antolatu du plataformak (arratsaldeko mobilizazioa bai izango da mistoa) eta horren inguruko azalpena eman nahi izan du, “iaz gatazka iturri nagusietako bat izan zelako”.

kartela testua

Hilekoaren tabua astindu

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari begira antolatutako ekintzak ez dira domekara mugatzen. Ainhoa Aldazabalek eta Skolastikak domekan amaituko den ‘Hilekoa(k)’ erakusketa jarri zuten martxan Arrate Kultur Elkartean otsailaren 27an. Hilekoa modu zientifikoan aztertzen duen Erika Irusta pedagogo-menstrualaren eta Josune Muñoz Skolastikako kidearen ideietatik abiatuta, gaia bere alorrera ekarri du Aldazabalek, “artera eta literaturara”, eta disziplina hauetan hilekoa nola adierazten den erakusten du.

Hogeita hamar lan inguru batzen ditu erakusketak, tartean Jone Olabarri, Jone Bengoa eta Maialen Belaustegi eibartarren sorkuntzak daudelarik. Argazkiak, eskulturak, performanceak, ilustrazioak, zeramikak, komikiak eta bestelako arte-disziplinak daude ikusgai. “Hilekoaren gaia esperientzia pertsonaletik abiatzen da, baina gai politikoa da eta kolektibitatea azpimarratu beharra dago”, Aldazabalen berbetan. Zentzu horretan, artelan kolektibo bat sortzeko tailerra egin zuten aurretik, erakusketa osatzeko. “Material ezberdinekin egindako collage antzeko bat da”.

Lau dira erakusketaren helburuak. “Batetik, hilekoa kulturak zeharkatzen duen esperientzia dela erakustea eta tabua dela demostratzea. Bigarrenik, hilekoaren tabua astintzea eta ikusgarritasuna ematea. Hirugarrenik, artearen eta irudien bitartez hilekoaren inguruko diskurtso eta esperientzia anitzak elkartzea. Eta azkenik, feminismoak proposatzen duen begirada ekarri eta gure buruak behatzeko tresnak eskaintzea, eta hausnarketarako gai eta bideak proposatzea”.

Erakusketa hobeto ezagutzeko, Aldazabalek bisita gidatua eskaini zuen martitzenean eta, gaur, 21:00etan, Nerea Ibarzabal Salegi, Maite Berriozabal Berrizbeitia, Maider Arregi Markuleta eta Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolariekin bertso-afaria egingo da Kultun.

hilekoa(k) erakusketa12

Dantza, liburua eta erakusketa

Bertsotan egiteaz gain, dantzarako aukera ere egongo da gaur Neledantza kolektiboaren eskutik (lehengo Ipuruako Dantza Garaikidea). ‘Feminismoa gorpuztu’ izenburuarekin dantza eta flashmobak egingo dituzte Untzagan, 18:00etatik aurrera. ‘Ni una más, ni una menos eta ‘Respect me abestiekin prestatu dituzte flashmobak eta dantzak ikasteko tutorialak YouTubera igo dituzte. Bestetik, Flashmoben aurretik, dantza ikuskizuna egingo dute Lide Agirre, Irene Vazquez, Saray Garcia eta Nere Lodosaren zuzendaritzapean.

Martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzekin amaitzeko, ‘Emakumerik gabe, Eibar, ez litzateke gaur egungoa izango’ liburua aurkeztuko dute hilaren 13an, barixakuan. Savina Lafita Sole, Luz Maceira Ochoa eta Zaida Fernandez Perezek idatzitako liburua da eta herriko emakumeek Eibarko industrializazioan egindako ekarpenak batzen ditu.

Portaleko erakusketa gelan egingo da liburuaren aurkezpena eta gai horren inguruko erakusketari hasiera emango zaio. “Ez da ohiko erakusketa izango”, Fernandezen ustez. “Proiektuan parte hartu duten emakume batzuek prozesua nola bizi izan duten kontatuko dute eta emakumeek egindako hainbat objektu egongo dira ikusgai”. Erakusketa parte-hartzailea izatea nahi izan dute eta herritarrek erakusketarako materiala eskaini dute: Eibarko industrializazio prozesuarekin loturiko dokumentuak, tresnak, erropak, argazkiak... Erakusketa hilaren 29ra arte egongo da zabalik.

emakumeen-ekarpenak-eibarko-industrian