Lilatoia-ren 29. edizioan izena emateko epea zabalik dago

Lilatoia-ren 29. edizioan izena emateko epea zabalik dago
2018/01/04 eta kitto!
Urtero bezala aurten ere LILATOIA egongo da martxoan, eta bertan parte hartzeko izena emateko epea abendutik zabalik dago. Aurtengoa 29. edizioa izango da eta martxoaren 4an egingo dela iragarri dute,  10.30ean hasita. Korrikalariek 5 km-ko ibilbidea egin beharko dute Donostian zehar. Urtetik urtera Eibartik gero eta neska gehiago animatzen da parte hartzera,  eta 3 talde handienentzako sariak daudenez, aurten ere Eibarko nesken artean talde bat sortzea pentsatu dutela adierazi digute: "Duela 2 urte egin genuen eta 3. postua lortu genuen, ia aurten gorago gelditzen garen!" Inskripzioa egiterako orduan "taldearen izena" jartzen duen tokian EIBAR jartzearekin nahikoa izango da.

Iaz 5.000 emakume izan ziren irteera puntuan. Euren artean Izaro Rubio ordiziarra izan zen lehenengoa helmugaratzen ibilbideko 5 kilometroak osatu ondoren. Atletico San Sebastianek antolatzen duen proba gure artean antolatzen direnen garrantzitsuenen artean kokatu da eta, lau urtetan bakarrik, %46 hazi da parte-hartzaileen zerrenda kopurua. Gure herriko 87 atleta helmugaratu ziren iaz eta Olga Herrero izan zen lehen ordezkaria, 70. postuan.