Matazak, elkarretaratzea eta manifestazioa Indarkeria Matxisten kontra

Matazak, elkarretaratzea eta manifestazioa Indarkeria Matxisten kontra
2022/11/25 eta kitto!
Gaur Indarkeria Matxisten Kontrako Eguna dela eta, goizetik hasiko dira horren harira prestatutako ekitaldiak: iaz bezala, aurten ere “Indarkeria Matxisten Aurkako Matazak Ehuntzen” ekitaldia egingo da Untzagan, 11:00etan. Altzoa Eibarko emakume alargunen elkarteak, Emakumeen Mahaiaren laguntzarekin, ekainaren 11n ehundutako piezak jarriko ditu Untzagan. Eguerdian, 13:00etan, elkarretaratzea egingo da, Berdintasun Zerbitzua-Andretxeak deituta, “Indarkeria Matxistaren aurrean, Saretze Feminista” goiburuari jarraituta.

Eta arratsaldeko 19:00etarako manifestazioa deitu dute Matraka eta Nalua talde feministek, Untzagan. Bestalde, gaur azaroko azken barixakua izanda, presoen aldeko ekitaldia hartuko luke Untzagak; baina, horren ordez, indarkeria matxisten kontrako manifestazioarekin bat egingo dute.