Merzedes Kareaga Bekaren lehen edizioa abiatu da

Merzedes Kareaga Bekaren lehen edizioa abiatu da
2022/04/05 eta kitto!
Merzedes Kareagaren biografia izango da I. Merzedes Kareaga Bekaren ikerketa-gaia, emakumeen, beharginen eta behartsuen alde lan handia egindako andrazkoaren biografia osatu asmoz.

Bekaren zenbatekoa 9.000 eurokoa izango da eta proposamenak maiatzaren 1etik aurrera aurkeztu beharko dira Udalaren webgunean, maiatzaren 30era arte. Proposamenean gaiaren azalpena eta lana nola burutuko litzatekeen azaldu beharko da, ahalik eta zehatzen, gehienez 15 orrialdetan.

Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egin beharko dira eta 20 hilabeteko epea egongo da, beka ematen den hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gainera, ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.

 

Emakume aurreratua

Merzedes Kareaga 1908ko abenduaren 15ean jaio zen Eibarren. Ego Ibarra batzordeak jasotzen duen informazioaren arabera, “emakume aurreratua, antolaketarako dohain handikoa eta kementsua, gazte gaztetatik hasi zen lanean emakumeen eta behartsuenen alde. 1931ko urtarrilaren 9an sortu zen Eibarko Emakume Abertzale Batzaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta erakunde horren barruan hainbat kargu bete zituen. 1931n eta 1932an, Jose Antonio Agirre, Monzon, Manuel Irujo eta beste hainbat burukiderekin batera, 20 mitinetik gora eman zituen Euskal Herrian zehar eta beti nabarmentzen zuen emakumeak gizartean bere lekua behar zuela. Kareaga'tar Eskarne gaitzizena erabilita hainbat artikulu idatzi zituen ‘Argia’, ‘Euzkadi’ eta ‘El Día’ aldizkarietan. Politikagintza 1933. urtean utzi zuen”.

Gerra ondoren, “gastigu legez”, eskolak garbitzen jarri zuten, eta noizean behin poliziarengana joateko obligazioa zuen, herriaren alde egiten zuen lanari esker obligazio hori kendu zioten arte. “Sasoi hartan Mercedes Kareagak egin zuen herri-lanaren aurreneko kate-maila, Marshall planetik zetorren ‘amerikanuen laguntza’ izan zen, urte haietan Eibarrera iritsi zena. Laguntza hura bideratu eta behar zutenei eskura ipini zien. Eibarko ‘tonbola’ famatuak (1948an egin zen lehena) ere bultzatu zituen, herrian zeuden premietarako egiten zirenak”, dio Ego Ibarrak.

Hauek izan ziren Merzedes Kareagak egindako lanaren hiru zutabe nagusiak: “Bata, bakarrik emakumeentzat sortu zuen lehenengo Elkartea, Goi Argi izenekoa (1951n); bigarrena, 1964an Eibarko Ongintza Patronatuaren magalean abian jarritako biharginendako errehabilitazio-zentroa; eta, hirugarrena, ‘Cayetano Careaga’ tailer babestuak, 1973koak,  desgaitasunen bat zuten gazteei lana edo biharra emateko sortuak diru-irabaziren bat izan zezaten. Mercedes Kareagak bere bizitzan zehar egin zituen lan guztien artean, ziur aski, tailer hori izan da proiekturik garrantzizkoena eta sakonenetarikoa, gizarteratze-lanaren eredu aurreratua, karitatetik harantzagokoa”.

Udalak ‘Grabatzaileren bola’ eman zion 1974, Eibarko herriaren omenaldi beroa jasoz. 1997ko otsailaren 26an hil zen.