Mundua eraldatzeko beharra eta aukerak

Mundua eraldatzeko beharra eta aukerak
2022/10/14 eta kitto!
Egoaizia eta Mugarik Gabe GKE-ek jardunaldi bereziak eskainiko dituzte datozen egunotan. Batetik, Egoaiziak Kontsumo Arduratsuaren VII. Azoka egingo du bihar; eta bestetik, Mugarik Gabek bi saio eskainiko ditu datorren asteko eguaztenean eta eguenean, urriak 19 eta 20, gaur egungo krisiaren aurrean gure esku ditugun eskubideei eta alternatibei buruz hausnartzeko. Beraz, Lierni Fernandez Egoaiziako koordinatzailearekin eta Xabier Martinez Mugarik Gabeko kidearekin egon gara horri buruz berbetan.

 

Urriaren 17a Pobreziaren Aurkako Munduko Eguna da eta, horren harira, Egoaizia Eibarko GKE-k zenbait ekintza antolatu ditu herrian. Batetik, Kontsumo Arduratsuaren Azoka jasoko du bihar Untzagak. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta, 10:30etik 15:00etara, hainbat ekintza egingo dituzte. Besteak beste, herriko eta inguruko hogei elkarte eta erakunderen proiektuak ezagutzera eman eta euren produktuak saltzeaz gain, opariak emango dituzte, hitzaldiak egingo dira, erakusketak, txikientzako tailerrak, herriko artisauen produktuak egongo dira, musika... “Eibartarrei beste kontsumo eredu batzuen berri eman nahi diegu”, esan digu Lierni Fernandezek.

Hori guztiaz gain, azkeneko urtean Egoaiziak martxan jarri duen Eibar Eraldatuz proiektuaren berri emango dute. Ekonomia alternatibo, solidario eta zirkularraren alde egiten duten ekintzailetzak, zerbitzuak eta alternatiba ekonomiko sozialak identifikatzen dituen mapa digitala dihardu lantzen Egoiziak. “28 denda edo zerbitzu identifikatu ditugu eta proiektuan parte hartzen dihardute dagoeneko. Hurrengo urtean, mapa digitala webgune batean egongo da ikusgai, eibartarrek jakin dezaten non kontsumitu dezaketen kontsumo arduratsuaren irizpideekin”, azaldu digu Fernandezek.

 

Mugarik Gabe erakundearen saio bikoitza

Eguaztenean eta eguenean, ostera, Mugarik Gabe GKE-ren txanda izango da eta egun bakoitzean dokumental bat emango dute. Emanaldi biak Portalean egingo dira, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. “Kontsumo arduratsuaren gaiarekin bat egiten duten lanak dira, eta bizitzeko eta kontsumitzeko beste eredu baten alde egitea beharrezkoa dela erakusten dute”, Xabier Martinezen iritziz.

Martinezen berbetan, dokumentalek bi helburu dituzte. “Batetik, gaur egungo eredu ekonomikoa salatzea. Nola funtzionatzen duen, nolako eragina duen ingurumenean, naturan, pertsonen eskubideengan…Eta gaur egungo testuinguru ekonomiko, energetiko eta sozialean (gerrekin, klimaren krisiarekin…), uste dugu gai hau mahai gainean jartzea eta zergatik gertatzen den salatzea are garrantzitsuagoa dela. Eta, bestetik, ez bakarrik hau guztia salatzea, baizik eta jendeari erakustea badaudela aukera eta alternatibak beste era batera bizitzeko eta kontsumitzeko, eta aukera hauek gugandik oso gertu ditugula”, azaldu digu.

19an ‘ExplotAPP, la precarización al alcance de tu móvil’ izeneko dokumentala eskainiko dute, etxez etxeko banaketaren atzean dagoena argitara eramanez. “Glovo, Uber Eats eta horrelako enpresek hemen eta mundu guztian zehar nola jokatzen duten salatzen du ikus-entzunezkoak. Banatzaileen errealitatea ezberdina da El Salvadorren eta Euskal Herrian, baina atzean dauden enpresak berdinak dira eta tokian tokiko testuinguru soziala eta legedia aprobetxatzen dute ahalik eta etekin gehiena ateratzeko. Arazoa da utzi egiten zaiela”, azaldu digu Martinezek. Lana ikusi ondoren, herrian zenbait egunez izango ditugun Egoaiziako Peruko kideek euren ikuspuntua emango dute gai horren inguruan.

20an, bestetik, ‘Alternatibak plazara!’ lana ekarriko dute, bizitza eta planeta zaintzeko gertu ditugun aukeren berri emateko. “Energiaren, elikaduraren, ekonomiaren eta zaintzaren inguruan zer egin dezakegun aipatzen da bertan eta Euskal Herrian ditugun aukeren berri ematen du”, diosku Martinezek. “Horrez gain, ikustera etorriko den jendearekin berba egitea gustatuko litzaiguke, Eibarren beste kontsumo mota bat egiteko dauden aukeren inguruan jarduteko”, gehitzen du. Horrela, REAS Euskadi sareko Blanca Boixek hartuko du parte solasaldian, ekonomia alternatibo eta solidarioaz gehiago mintzatzeko.

Gaur egungo egoerara “botere handiek eta enpresa multinazionalek” ekarri gaituztela dio Martinezek, eta sarritan ardura guztia pertsona arruntengan jartzen dela dio, “baina egia da denok egin dezakegula zerbait eta horretan jarriko dugu indarra. Adibidez, hemen, Eibarren, gauza asko egin ditzakegu gure eguneroko bizitzatik eta kontsumo eredutik abiatuta. Dena dela, garrantzitsua da jakitea zeinek kontaminatzen duen eta nork urratzen dituen eskubideak gehien. Hau da, etekin ekonomikoei bakarrik begiratzen dien botere handiek, zenbait gobernuk eta enpresa askok”, bere ustez.

Eta zeintzuk izan daitezke, adibidez, beste kontsumo eredu bat proposatzen dituzten aukerak? Izan ere, Fernandezek esan digun bezala, “batzuetan kontsumitzeko modua aldatu nahi dugu, baina ez dugu alternatibarik ezagutzen eta ez dakigu nora jo”. Beraz, aukera batzuk proposatu dizkigute: Fiare bankua, Goiener energia kooperatiba, Izarkom telekomunikazio kooperatiba, tokian tokiko kontsumo-taldeak, eta abar.

Aukerak mahai gainean jarrita eta gaur egungo egoera ikusita, aldaketari ekiteko unea iritsi dela uste dute Fernandezek eta Martinezek. “Klima-aldaketa nabari dugu dagoeneko; gerrak beti egon dira, baina orain bat oso gertutik bizi dugu eta badakigu horren atzean interes energetikoak daudela; aditu eta zientzialari askok esan dute 2030era arteko urte hauetan energia lehengaien ustiaketaren eta ekoizpenaren pikora iristen ari garela; ekosistemak alteratzen ditugun neurrian, geroz eta pandemia eta gaixotasun gehiago izango ditugula diote… Tamalez, ondorioak nabariak dira eta horregatik diogu aldatzeko unea orain dela, nahiz eta alternatibak aspalditik izan”, Martinezen berbetan.