Munduari Kolorea Ematen GKE-ko ikasleek Elikagaien Bankuarentzat janaria batuko dute Untzagan asteburuan

Munduari Kolorea Ematen GKE-ko ikasleek Elikagaien Bankuarentzat janaria batuko dute Untzagan asteburuan
2021/09/21 eta kitto!
Ekonomialariek diotenez, COVID-19ak eragin duen krisiak gogotik astindu ditu aurretik ere txarto zeuden familia eta herritar asko eta, horren ondorioz, pobreziak nabarmen egin du gora azken hilabeteotan. Eibarren bertan, egunero zerbait jan ahal izateko laguntza behar duten 500 lagun daude eta horietatik 38 haurrak dira. Paradoxikoki, familia horiek dauzkaten beharrak gero eta handiagoak izan arren, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak geroz eta zailtasun gehiago dauzka laguntza-eskaera guztiei behar den moduan erantzuteko.

Hori ikusita, La Salle ikastetxeko LH 6. mailako ikasle talde batek sortu duen Munduari Kolorea Ematen Gobernuz Kanpoko Erakunde berriak kaleko ekintza batekin ekingo dio bideari: barixakuan (irailaren 24ean, 17:00etatik 20:00etara) eta zapatuan (11:00etatik 14:00etara) Untzaga plazan egongo dira, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarentzat janaria batzen.

Elikagaiak ematerakoan “Harvard plate” izenenarekin ezagutzen dena osatzeko laguntza eskatuko dute, hau da, fruta, barazkiak, ale osoak eta proteina osansuntsuak lehenetsiko dituzte, elikaduran adituak direnek sortu duten metodologia eta janari proportzioei erreparatuta. Untzagan egongo diren bi egunetan, janaria biltzeaz gain, etxeko txikientzat jolasak eta zozketa alaiak ere egongo dira.

Bizum bidezko laguntza

Bestalde, azpimarratu dutenez, janaria Untzagara eraman barik ere lagundu daiteke: Bizum bidez dirua emateko aukera dago, euro batetik hasita, 607771722 zenbakira bidalita (Erref MKE). Biltzen duten diruarekin elikagaiak eta pardelak erosiko dituzte.

GKE honetatik azaldu digutenez, “Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran dauzka biltegiak eta bertan aritzen dira Jose Maria Beitia, Jose Antonio Agirrebeña eta Visi Fariñas moduko boluntarioak, gehien behar dutenei laguntza eman ahal izateko dena prestatzen”.