Oinarrizkoak ez diren jarduerak 01:00etan ixteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak

Oinarrizkoak ez diren jarduerak 01:00etan ixteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak
2021/12/28 17:51
eta kitto!
Labi bildu ondoren, neurri murriztaileak zorrozteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, bihartik hasita urtarrilaren 28ra arte, oinarrizkoak ez diren jarduerak (ostalaritza, merkataritza eta kultura) 01:00etan itxi beharko dituzte, tabernetan zutik kontsumitzea debekatuta egongo da, barnealdeetako edukierak %60koak izango da gehienez eta mahai bakoitzean 10 lagun elkartu ahal izango dira gehienez. Gabonetako bazkari eta afariei dagokienez, Iñigo Urkullu lehendakariak gehienez hamar lagun elkartzeko gomendioa egin du.

Aipatutako neurriez gain, barnealdeetan egiten diren ekitaldietako edukiera 600 lagunekoa izango da gehienez eta 800 lagunekoa kanpoaldeetan egiten diren ekitaldietan. Eta barnealdeetan kirola egiteko, ostera, gehienez hamar laguneko taldeetan egin  ahal izango dira eta aldagelek %50eko edukiera izango dute.

Gabonetan, gainera, establezimendu komertzialek ezingo dute goizeko 8ak baino lehen zabaldu urtarrilaren 1ean eta 6an.