Osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak
2021/12/01 eta kitto!
Jaurlaritzak osasun larrialdia aktibatzea erabaki duela adierazi zuen atzo, Auzitegi Gorenaren ebazpena ezagutu ondoren. Azken berrien arabera,  osasun larrialdia  ostiral honetan, hilak 3, aktibatzea eta LABI deitzea espero du lehendakariak. Auzitegi Gorenak covid pasaporteari buruz emandako epaia "sakon" ezagutu arte itxarongo du Urkulluk, osasun larrialdia deklaratu ondoren hartu beharreko neurriak erabakitzeko. Bestalde, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari planteatutako proposamena errepikatuko da, hau da, Errege Dekretua aldatzea, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izan dadin kanpoan ere.

Urkulluk atzo Gorenaren erabakiaren berri izan ostean esan zuen covid ziurtagiria izurriari aurre egiteko «tresnetako bat» izango dela, baina ez zuen aurreratu zer neurri gehiago hartzeko asmoa duten.

Osasuneko sailburuak gogorarazi du Euskadin badirela neurriak, eta horiek betetzeko eskatu du:

Orokorrak:
- Aglomerazioak saihestu
- Barruko espazioak aireztatzea
- Eskuak maiz garbitzea.
- Maskara zuzen eta etengabe erabiltzea barnealdeetan eta kanpoko espazioetan.

Joan den astean aginduan jasotako ekitaldiak edo jarduerak antolatzen dituzten udal-erakundeekin, eragileekin eta norbanakoekin lotutako neurriak:
- Prebentzio-neurriak betetzea ezin izango dela bermatu aurreikusten badute, jarduera eten edo atzeratu beharko dute.
- Eta ekitaldietan prebentzio-neurriak hartzen badira badira, hauek indartu egin behar dira.

OSASUN-SISTEMA
Egoerak txarrera egiten jarraitzen duela eta "joera horrek osasun-sisteman ondorioak dituela" esan zuen Sagarduik. Gaur egun, Osakidetzako zentro guztiak Kontingentzia Planaren bigarren egoeran daude.

Sailburuak azaldu duenez, ZIU ohe gehiago irekitzeak unitate horiei arreta emateko langile kualifikatuen ratioak handitzea eskatzen du. "Erantzukizunez jokatu behar dugu, eta, ospitaleratuta eta ZIUn pertsona gehiago egongo direla jakinda, jarduera berrantolatu behar dugu, egungo baliabideetara egokitzeko".

Sailburuak argi utzi du Osakidetzak arreta ematen jarraituko duela bai urgentziei eta onkologikoko pazienteei, eta jarduera kirurgikoa programatzen jarraituko duela. Hala ere, egungo egoerara egokituz egingo du.