[ARGAZKI-BILDUMA] Parte-hartze handia izan zuen atzo Zaporeak GKEari laguntzeko antolatutako ekitaldiak

[ARGAZKI-BILDUMA] Parte-hartze handia izan zuen atzo Zaporeak GKEari laguntzeko antolatutako ekitaldiak
2020/06/14 eta kitto!
Argazki-bilduman ikus dezakezuenez, eguraldia lagun, parte-hartze handia izan zuen atzo Untzaga plazan Greziako errefuxiatuen alde antolatutako ekitaldiak. Probintzia osotik etorritako sukaldarien laguntzarekin, dilista eta arroz errazioak saldu ziren 5 eurotan. Untzaga plaza osoa hesiz inguratuta egon zen goiz osoan, uneoro segurtasuna bermatuz. Tuperren salmentari esker bildutako dirua Zaporeak elkartekoek Grezian martxan duten proiektura bideratuko dute eta gauza bera egingo da rifen bidez lortutako diruarekn. Kamisetak eta artisautza saltzeko postuak ere jarri zituzten.

Horrez gain, aste osoan ibili dira martxoan hasitako eta pandemiaren ondorioz eten behar izan zuten arroz eta dilista bilketarekin Ermuan eta Eibarren. Besteak beste Jesus Gonzalez, Maite Gorrotxategi eta Mireia Alonso sukaldariak arduratu dira kanpainaren antolaketarekin eta, oztopoak oztopo, hasitakoa amaitu beharra zegoela erabaki zuten aurreko astean eta berriro ere ipini dute martxan arroz eta dilista bilketa. Aste osoan aritu dira errefuxiatuentzat janaria batzen bi herrietan. Atzo Untzaga plazan egindako ekitaldiarekin kanpainari amaiera borobila eman diote.