Pentsiodunek manifestazioa deitu dute zapaturako, 12:00etan Untzagatik hasita

Pentsiodunek manifestazioa deitu dute zapaturako, 12:00etan Untzagatik hasita
2021/02/09 eta kitto!
Datorren zapatuan, hilaren 13an, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak manifestazioak deitu ditu horretarako baldintzak betetzen diren herri guztietan eta Eibarren 12:00etan hasiko da, Untzagatik abiatuta. Atzo bete ziren hiru urte eta 24 egun pentsio duin eta publikoen aldeko mobilizazioak hasi zituztenetik eta, eskatzen dutena lortu arte, borrokatzen jarraituko dutela argi daukate. Gauzak horrela, herritar guztiak eurekin bat egitera deitu dituzte berriz ere. Zapatuan manifestazioa egiteko arrazoiak jarraian irakur dezakezuen idatzian jaso ditu Eibarko Pentsiodunen Plataformak.

Eibarko Pentsionisten Taldea Pentsionistak Aurrera


Arrazoia, beste mobilizazio batzuetan bezala, Toledoko Itunean adostu diren gomendioak dira. Itun horretan, jaun-andre batzuek gure pentsioen etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituzte, hau da, gure bizi-kalitateari buruzko erabakiak, eta guk, berriz, ez dugu ez ahotsik ez botorik gure eskubideak defendatzeko.
Adostutako gomendioetan jasota daudenen artean, gaur egungo pentsiodunei eta etorkizuneko pentsiodunei eragingo dieten neurri hauek nabarmendu nahi ditugu: erretiro-adina 67 urtera luzatzea eta kotizazioen batez besteko urteak 15 urtetik 20 urtera kontabilizatzea; baita 2023. urtetik aurrera gaur egungo pentsiodun guztioi eragingo digun iraunkortasun-faktorea ezabatzeko eskaerari behin eta berriz ezetz erantzutea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta alargunei %100eko pentsioa ez aitortzea; edota, 40 urtez kotizatu arren, derrigortutako erretiroetarako zigorrik ez aplikatzeari uko egitea. Politikoek aplikatu nahi dituztenen adibide bat baino ez dira hauek.

Pentsioen eta oinarrizko zerbitzuen hobekuntzak posible ez izateko arrazoia dirua falta dela diote, baina gero eta nabarmenagoa da gezurretan ari direla, Gizarte Segurantzaren gastu desegokietan erabili diren 21.000 milioi euroek argi erakusten dutenez.

Iruzur fiskala eta kapitalen ihesa jazartzeko borondatea, hori da gaur egun faltan dagoena eta, jakina, horrekin batera, politika sozialak kontuan izatea aberastasuna banatzeko orduan.



Ez dihardugu pentsioez bakarrik berbetan, osasun publikoaren kalitateak ere eragina dauka gugan, COVID-19ak eta, horri lotuta, ospitaletan zein zaharren egoitzetan bizitzen ari diren egoera larriek argi erakusten duten bezala.

Eta zer esan energiaren eta gasaren kontsumoari ezarri dioten igoera ikaragarriaren eraginari buruz? Konpainien etekin ekonomikoak benetan handiak izan arren, baliabide gutxien dutenak, tartean pentsiodunak, zigortu egiten dituzte.

Horregatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu herritar guztiei zapatuan, hilaren 13an Untzagatik hasiko den manifestazioan parte hartzeko. Izan ere, pentsioen arazoak dimentsio estrategikoa du eta etorkizuneko belaunaldiei ere eragiten die. Nahiz eta orain urruti ikusi, dena ailegatzen da eta gure bizi-kalitatearen hobekuntzak egunero aldarrikatu eta defendatu behar dira. Aldarrikapen horiek ere gure pankartetan egongo dira.