Pertsona Nagusientzako Baliabideen Gida kaleratu du Udalak

Pertsona Nagusientzako Baliabideen Gida kaleratu du Udalak
2022/11/02 eta kitto!
Udalak, Adindu Gerontologia Zerbitzuak-en lankidetzarekin, Adinekoentzako Baliabideen Gida prestatu du, nagusientzat eta, oro har, herritarren eskura dauden zerbitzu, laguntza eta jarduera guztiei buruzko informazioarekin. Bertan bildu dituzte, besteak beste, herriko elkarteek antolatzen dituzten jarduerak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak, prestakuntza-zentruetakoak, kirol-zerbitzuak, heziketa artistikoa eta soziokulturala, kultura-guneak, gizarte-zerbitzuak, berdintasun-zerbitzuak eta osasun arloko zerbitzu eta baliabideak. Asmoa informazioa modu bateratuan eta erraz kontsultatzeko moduan eskaintzea da, aurreko astean egindako aurkezpenean esan zutenez.

Gida Udalak sustatu du, Adindu erakundearekin elkarlanean, eta bakarrik bizi diren 65 urte edo gehiago duten eibartarren etxeetan buzoneatuko dute. Horrez gain, herriko jubilatuen etxeetan eta beste hainbat tokitan ere eskuratu ahal izango da. Gidak jasotzen duen informazioa ahalik eta modu errezenean aurkitu ahal izateko, bestalde, edukia atalka sailkatu eta kolore ezberdinekin bereiztu dute.

Kategoria bakoitzean, hainbat zerbitzu, erakunde eta elkarte ageri dira, eta bakoitzari buruzko informazio zehatza eskaintzen da: helbidea, telefono zenbakiak, helbide elektronikoak, sare sozialak...