Saharako umeak Euskal Herrira etorri ahal izango dira udan

Saharako umeak Euskal Herrira etorri ahal izango dira udan
2022/03/09 eta kitto!
Azken bi urteetan etorri ezinda geratu ondoren, aurten martxan jarri ahal izango dute ‘Oporrak Bakean’ programa eta Saharako umeak Euskal Herrira etorri ahal izango dira udan. Horrela, haurrei harrera egingo dieten familien bila jarri dira martxoaren 27ra arte eta euren webgunean aurkitu daiteke informazio gehiago (edo oporrakbakean@gmail.com helbidera idatzi). “Ahalik eta haur gehienek uda gurean pasa dezaten, bi hilabetez etxean beste kide bat gehiago izan nahi duten, saharar herriarekin elkartasuna duten, mahaian beste plater bat gehiago jartzeko prest dauden eta uda ezberdin bat pasa nahi duten pertsonen eta familien bila gabiltza”, diote elkartetik.

Urte bi hauetan saharar errefuxiatuei “pandemia eta gerra gehitu zaizkie ohiko arazoei”, ‘Oporrak Bakean’ egitasmoko lagunen berbetan. Ohiko arazoak hauek dira euren berbetan: “janari eta ur eskasia, udan 55°-tik gorako tenperaturak, medikuen errebisio falta...”.

Pandemiak “bortitz” jo ditu errefuxiatuen esparruak. “Kanpo laguntzatik bizirauten duen herri batentzat mugak itxita mantentzeak ondorio larriak ekarri dizkio, gaixotasun berak sortutako arazoez gain, paraleloki beste hainbat eragozpen izan dituelako”, diote.

Pandemiaz gain, gerraren arazoari egin behar izan diote. “Pandemia honi, komunikabideek isilpean mantentzen duten gerra gehitu behar zaio. 2020ko azaroaren 13an Marokok su-etenari amaiera eman zion eta harrezkero saharar soldaduek "lotsaren harresia" babesten diraute. Ia urte eta erdi iraun duen gerra honek heriotzak ere ekarri ditu. Soldadu hauek ‘Oporrak Bakean’ programan parte hartzen duten haurren aita, anai edo senide dira; baina baita orain dela urte batzuk gure herrietan harreran egondako haurrak ere. Hala ere, gerra honek ez du interes mediatikorik”, diote elkartetik.

WhatsApp Image 2022-03-07 at 6.24.11 PM