Taberna, elkarte, eliza, kirol instalazio eta gainerakoak itxita egongo dira bihartik aurrera EAEn

Taberna, elkarte, eliza, kirol instalazio eta gainerakoak itxita egongo dira bihartik aurrera EAEn
2020/03/14 eta kitto!
Jaurlaritzak koronabirusaren prebentzio moduan hainbat jarduera etetea erabaki du. Besteak beste ostalaritza, kirol instalazio, elkarte gastronomiko edo elizak. Neurriok bihar, igandean (martxoak 15) sartuko dira indarrean, gaur argitaratuko baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak gaurtik bertatik ezartzeko aholkatu du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea bildu ondoren.  Neurrri hauek hamabost eguneko iraupena izango dute.

Nagusiki, honako hauek erabaki dituzte:

1. Adinekoentzako eguneko zentroak ixtea.

2. Adinekoei egoitza zentro publikoetan edo pribatuetan egin beharreko bisitak murriztea, eguneko/egoiliar bakoitzeko pertsona bakar batek egin ahal izango du bisita. Gainera, bisitariei tenperatura hartuko zaie zentroaren sarreran, eta 37,0ºC-tik gora duten bisitariei sarrera mugatuko zaie.

3. «Edozein motatako jarduerak» bertan behera uztea: museo, erakusketa areto, ostalaritza (etxeko zerbitzua izan ezik), kirol instalazioak, joko lokal, txoko, elkarte gastronomiko edo gurtza zentroetan. Metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatzea. Metro eta erdiko gutxieneko distantzia hori pertsona kontzentrazio orori aplika dakioke.

Ostalaritza jardueren itxierak ez die eragingo etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dutenei, ezta hoteletan gaua igarotzeari. Beti ere, pertsonen artean metro eta erdiko aldea mantentzeko aukera eskaintzen badute.

Urkullu lehendakariak azaldu duenez, "momentuaren arabera hartuko dira erabaki berriak"-