Tokiko hedabideei buruzko CIMP kongresuak euskaldunen ordezkaritza nabarmena izan du Katalunian

Tokiko hedabideei buruzko CIMP kongresuak euskaldunen ordezkaritza nabarmena izan du Katalunian
2019/11/08 eta kitto!
Munduko hedabideen mapa azkar ari da aldatzen, eta, gero eta gehiago, tokiko edo gertuko hedabideek lidergo informatiboa irabazten ari diete hedabide handi tradizionaleei. Komunikazio arloko 130 profesional inguru bildu dira urriaren amaieran Katalunian egin den Tokiko Hedabideen Pirinio Arteko Topaketan (CIMP). Kongresua Lleidako iparraldean izan da, Seu d’Urgellen, eta Euskal Herriak ordezkaritza nabarmena izan du. Antolatzailea AMIC (l’Associació de Mitjans d’Informació i Comunicació) erakunde katalana izan da, eta Euskal Herriko Hekimen eta Tokikom elkarteen laguntza izan du.

Piriniotako bi aldeetan diharduten editore, kazetari eta berriemaileen elkargunea izan da CIMP, Euskal Herria, Aragoi, Herrialde Katalanak, Andorra eta Okzitaniako gertuko komunikabideen artean zein hedabide horietan lan egiten duten profesionalen artean esperientziak trukatu eta orainaz zein etorkizunaz hausnartzeko topalekua.

Kongresuak hedabide horien eraldaketa teknologikoari eta negozio ereduari heldu nahi izan die, eta, horrez gain, lurralde dinamizazioari egiten dioten ekarpena balioetsi nahi izan du, bertako editoreen eta publikoaren artean ezartzen diren loturak direla eta.  Hurbileko hedabideek nortasun- eta errotze-tresna gisa duten garrantzia azaldu da, "bitarteko txiki baina indartsuak baitira asko behar duten komunitateetan”. Tokiko hedabideak ekonomia lokalaren dinamizatzaile direla jarri da agerian mahai-inguru batean eta horretan parte hartu dute …eta kitto!-ko ordezkariek. Astekaria kaleratzen duen izen bereko Euskara Elkarteak urtero egiten duen Sagardo eguna  edo Arrateko jaietan antolatzen den tonbolaren gainean egin dute berba Eibartik joandako kazetariek.

Euskal Herriko ordezkaritza nabarmena
Euskal Herriko ordezkariek hainbat gairen inguruan jardun dute: euskarazko tokiko irratiek dituzten erronkak, kalean egiten den kazetaritza audiobisuala, publizitate programatikoa, emakumeen presentzia hedabideetan, diru-laguntza eredu berria azaldu zuen Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendariak… Alde baten artean datuak trukatuz audientzien inguruko irakaspenak atera eta elkarrekin audientzia horien portaerak nola azter daitezkeen azaldu zuten, hala nola, euren irakurle komunitatean oinarritutako metrika sistema bat nola garatu daitekeen komunitate horrekiko lotura estutu eta negozio eredua hobetzeko.

Esperientzien trukaketa
Ramon Salaverria Nafarroako Unibertsitateko irakasleak gertuko komunikabideen erradiografia egin zuen, hedadura handiena tokiko mailan ematen ari dela azpimarratuta. Bestalde, enpresa teknologikoek gertuko komunikabideentzat, agentzientzat zein editoreentzat oso baliagarriak izan daitezkeen tresna eta bitartekoak aurkeztu zituzten. Era berean, BBC britaniar telebista handi eta ezagunak bere esparruko tokiko hedabideekin garatzen duen elkarlanaren berri ere eman zuen Matthew Barraclough kazetariak.

Bestelako gaiak ere landu ziren, esate baterako, inteligentzia artifiziala sare sozialen gestioan, berrikuntza tokiko hedabideetan, publizitate konpartituaren eredu berriak, mikroinfluencerrak,  informazio multikanala, edo komunikazioa eta komertzioaren arteko harremana. Ponentzia asko, bi egunetan. Lehenengo edizioa izan da eta ziurrenik 2020an errepikatuko da.

CIMP Kongresua Euskal Herria, Aragoi, Herrialde Katalanak, Andorra eta Okzitaniako 130 pertsona inguru elkartu ziren Kongresuan. Aurtengoa lehenengoa izan da eta hurrengo urtean errepikatzea espero da.

CIMP Kongresua eta kitto copia Eibartik joandako kazetariek lurralde dinamizaziori buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuten eta ...eta kitto! eta Eibarri buruz hitz egiteko aukera izan zuten.