Tradizio Bizia, turismo esperientzia programa berria aurkeztu dute

Tradizio Bizia, turismo esperientzia programa berria aurkeztu dute
2013/07/11 eta kitto!

Gaur (eguena, hilak 11) aurkeztu dute Mallabiko Zelai Landetxean Tradizio Bizia, euskal kultura eta tradizioei estuki lotutako bost esperientzia batzen dituen programa: sukaldaritza, herri kirolak, pelota, sagardoa eta elkarte gastronomikoak, bost horien inguruko esperientziak eskaintzen ditu gaur ezagutzera emandako programak. Aurkezpena amaitu eta gero, 16 alditan Euskadiko txapelduna izan den Zelai harrijasotzaileak erakustaldia eskaini du, Jon semearekin eta Ioritz ilobarekin batera.
Eskaintza turistiko eta kultural berria osatzeko elkarlanean jardun dute Debegesak, Debemenek, Geobidaiak bidai-agentziak eta eskualdeko hainbat ostalarik eta enpresarik eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Landa Garapenerako Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailaren laguntza jaso du.
Tradizio Bizia programa uztailetik urrira bitartean eskainiko da eta talde txikiak osatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek, "esperientziaren kalitatea bermatze aldera". Horretarako 14 bisitarako egutegia prestatu dute. Egutegian jasotako egunetatik kanpora lagun talderen batek esperientzia horietako batean parte hartzeko interesa izango balu, gutxieneko lagun kopurua osatu eta beste egunen baterako hitzordua adosteko aukera badagoela argitu dute arduradunek. Egutegiari jarraituta, eskainiko duten lehen esperientzia herri kirolen ingurukoa izango da, uztailaren 20an. Informazio gehiagorako www.debabarrenaturismo.com webgunera jo daiteke. Erretserbak egiteko, berriz, aukera bi daude: Geobidaiak agentziara, 945 010 949 telefonora deitu daiteke edo, bestela, info@geobidaiak.com helbidera idatzi.