Txakurren pixetara ura botatzeko botilatxoak banatuko dituzte Dendarien Elkarteko establezimenduetan dohainik

Txakurren pixetara ura botatzeko botilatxoak banatuko dituzte Dendarien Elkarteko establezimenduetan dohainik
2023/02/03 eta kitto!
Udaleko Ingurumen Sailak, Eibarko Dendarien Elkartearekin batera, gune publikoetan txakurren txiza garbitzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina abiatuko du astelehenean. “Hobe arrastorik gabe” izenburuko ekimenaren baitan, astelehenetik aurrera plastikozko botila txiki tolesgarri eta berrerabilgarriak jarriko dira eskuragarri, txakurren jabeek urez eta ozpin pixka batez bete dezaten, txakurraren pixetara botatzeko. Guztira 3.000 botila banatuko dituzte, eta doan lortu ahalko dira Dendarien Elkarteko establezimenduetan.

Horrela, herriko kaleak garbiago egotea lortu nahi dute eta ekimena Dendarien Elkartearen eskutik ipiniko da martxan. Izan ere, merkatariek beraien establezimendu inguruko txizak garbitu behar izaten dituzte, bai fatxadetan bai erakusleihoetan. Bide batez, Eibarko merkatariak hiriaren zaintzan inplikatzea sustatu nahi da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Udalean kezkatuta gaude kaleetako zikinkeria eta osasungarritasunaren arazoarekin, egunero aurkitzen ditugu-eta txakur-kaka eta -txiza ugari. Alkatetza honen eskariz, Mankomunitatea kaleen garbitasuna indartzen ari bada ere, herritarren kontzientziazioa eta espazio publikoak garbi mantentzeko errespetua funtsezkoak dira herri garbiago bat lortzeko. Horregatik, espero dut botilatxo hauekin txakurren jabeei beren maskotaren txiza garbitzea erreaztea”.