Udalak 2.000 euro bideratuko ditu Pakistanera, uholdeek kaltetutakoei laguntzeko

Udalak 2.000 euro bideratuko ditu Pakistanera, uholdeek kaltetutakoei laguntzeko
2022/09/15 10:23
eta kitto!
Eibarko Udalak, Alkatetzaren proposamenez, 2.000 euro bideratuko ditu laguntza humanitario gisa, Pakistanen izaten ari diren uholdeek kaltetutakoei laguntzeko. Laguntza Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, erakunde hori ari baita kaltetutako biztanleria zibilarekin lanean. Azaldu dutenez, “Pakistan inoizko uholderik larrienak jasaten ari da, herrialdea krisi humanitario larrian murgilduta dago, eta Gobernuak kalamitate-egoera deklaratu du”. Gurutze Gorriaren txosten baten arabera, orain arte 1.200 pertsona baino gehiago hil dira, eta 33 milioi pakistandar baino gehiago ondorioak sufritzen ari dira. Gainera, milioi bat etxebizitzatik gora erabat suntsituta edo larri kaltetuta geratu dira, 800.000 abelburu baino gehiago galdu eta nekazaritzako ehunka mila hektarea lur suntsitu dira. Gainera, ur-hornidurako sistemen %30 inguru kaltetu dira, eta, ondorioz, biztanleek ez daukate edateko urik, eta gaixotasun infekziosoak (tifusa, elgorria eta dengea, besteak beste) areagotu egin dira. Gainera, gune asko bakarturik geratu dira, euriteek errepideetan eta zubietan eragin dituzten kalteak direla-eta.

Egoera kezkagarri horren aurrean, Pakistanek nazioarteari elkartasun-deia egin dio eta, horri erantzuteko, Eibarko Udalak erabaki du laguntza humanitarioa bideratzea Pakistanera, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez.

Eibarko udal-aurrekontuek urtero 6.000 euroko partida izaten dute era honetako larrialdietarako laguntzak bideratzeko. Hain zuzen, aurtengo otsailean 3.000 euroko beste dirulaguntza bat ematea erabaki zen, errusiar tropen inbasioak eragindako Ukrainako gerraren ondorioak arintzen laguntzeko.