Udalak larrialdietarako 691 gizarte-laguntza eman zituen iaz, guztira 621.851 euro

Udalak larrialdietarako 691 gizarte-laguntza eman zituen iaz, guztira 621.851 euro
2023/01/18 eta kitto!
Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak 691 eskaera onartu zituen 2022an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL), 621.851 euroko zenbatekoagatik.  "Kopurua —bai laguntzen eskabideei, bai emandako zenbateko osoari dagokionez— pixka bat igo da 2021eko datuekin alderatuta; izan ere, orduan 666 eskabide onartu ziren eta emandako laguntzen diru-kopurua 586.963 eurokoa izan zen", azaldu dute Gizartekintza Sailetik.

Iaz emandako 621.851 euroetatik, 589.069 euro Eusko Jaurlaritzak eman zituen, hura baita arlo horretan eskumena duen eta laguntza horien ardura duen erakundea; eta gainerako 32.782 euroak —iaz baino gutxiago— Udalak jarri zituen, hari dagokio-eta laguntza horiek kudeatzea eta osatzea, Eusko Jaurlaritzak hasieran bideratutako kopuruak nahikoak ez direnean.

2022an GLLetan izandako laguntzen emaitzak eta balantzea ikusita, Eibarko alkate Jon Iraolak zera adierazi du: “Onuradunen kopurua eta laguntzen guztizko zenbatekoa handitu izanak erakusten du pandemiak familia-ekonomietan izan dituen ondorioak 2022an ere nabaritu direla, eta, beraz, gizarte-politiketan inbertsio-ahalegin berezia egiten jarraitu behar dugula”.

Iaz emandako GLLen 691 dirulaguntzetatik 248 (% 36), 156.692 euroko zenbatekoagatik, mantentze-gastuetarako laguntzak izan ziren; beste 248 (% 36) kontsumo energetikoaren gastuak ordaintzeko, eta, xede horretarako, 148.544 euro eman ziren. Alokairurako 97 laguntza banatu ziren, guztizkoaren % 14 (191.612 euro).

31 laguntza (67.929 euro) maileguak ordaintzeko izan ziren; beste 22 (21.938 euro) azpierrentamendurako; 13 laguntza koerrentamendurako (15.218 euro); 20 eskaera (10.906 euro) lehen mailako premietarako laguntzetarako (batez ere, betaurrekoak eta odontologia); 6 laguntza (4.925 euro) zorpetzeagatik; 3 laguntza (1.650 euro) ostatu-gastuetarako; eta beste 3 laguntza (2.434 euro) altzarietarako.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen hartzaile nagusietako bat, aurten ere, pentsiodunak eta emakume alargunak izan dira, kasu askotan, argindarra eta ura bezalako gastuak ordaintzeko beren diru-sarrerak laguntza hauekin osatu beharra baitute.

2021. urtearekin alderatuta, bide beretik jarraituz, mantentze- eta energia-gastuak dira eskaera gehienen arrazoi. 2021ean, kontzeptu horien zenbatekoa handitu egin zen energia-krisiaren ondorioz, eta, laguntza hauen bidez, krisialdi horretatik eratorritako premiak bete ahal izan dira.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Udaletik beti bideratu dugu beharrezkoa izan den dirua, baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak onartzen direla bermatzeko eta Eusko Jaurlaritzak emandako zenbatekoa osatzeko, hura nahikoa izan ez bada. Izan ere, horrelako laguntzak oso garrantzitsuak dira eibartarrek beren kabuz ordaindu ezin izango lituzketen oinarrizko produktuak eta zerbitzuak eskura ditzaten bermatzeko”.