Udalak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin bat egin du

Udalak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin bat egin du
2023/05/17 eta kitto!
LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzak 17, eta Udalak bere egin du Eusko Jaurlaritzak egunaren harira zabaldutako manifestuaren edukia. Bertan, zera aipatzen da: “Garrantzitsua eta beharrezkoa da erakundeek gogor eta aktiboki lan egiten jarraitzea LGTBI pertsonek aurre egin behar dieten oztopo erantsiak ezabatzeko”.

Manifestuan aipatzen denez, "Maiatzaren 17an, ahotsa goratzen dugu (are gehiago) LGTBI pertsonen aurkako erasoak salatzeko eta pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko”. Eta, horren harira, zera dio: “Agerikoa da salaketak ugaritu izana LGTBI komunitateak urteetan jasan duen isiltasunaren isla baino ez dela”. Eta horregatik, beharrezkoa jotzen da “gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezinak diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuz; gizarte osoaren erantzukizuna diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko”.

 

Gorroto-intzidentziei irtenbidea

LGTBI kolektiboak eta atzerritar jatorriko pertsonek jasaten dituzten gorroto-intzidenteei irtenbidea emateko erakundeak garatzen ari diren ekimenen esparruan, Eibarko Udalak lanean dihardu Eusko Jaurlaritzak prestatutako "Gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko eta ijitoen aurkako gertakarien aurrean herri-mailan jarduteko gida"-ren edukia Eibarko errealitatera egokitzeko.