"Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina jarri du martxan Eibarko Udaleko Euskara Sailak

"Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina jarri du martxan Eibarko Udaleko Euskara Sailak
2016/10/06 eta kitto!
Udalera jotzen duten herritarrak euskara erabiltzera gonbidatzeko asmoarekin, Euskara sailak "Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina jarri du martxan eta, horri buruzko azalpenak emateko, esku-orria banatu dute herriko etxe guztietara. Kanpainaren irudia Jose Antonio Azpilikuetak egin du: Supermendikute eta Ebarista pertsonaia ezagunekin biñeta sortu du eta horrekin udala herritarreri zerbitzua euskaraz emateko gertu dagoela eman nahi dute aditzera. Goiburuan erabili duten "erregular" berba, bestalde, "bai horixe!" edo "jakiña" esateko Eibarren asko erabili izan den esamoldea da. Azpilikuetaren berbetan, "erregular berbia asko gustatzen jata, eibartar peto petua da. Ez dakit aproposena izan leikian, baiña kanpainarena entzun orduko hori urten jatan. Antxiñako txikiteruak esaten eben moduan: - Beste txikito bat hartuko juau? - (Preguntatzia be). Erregular!".
Kanpainako arduradunek diotenez, aspalditik zeukaten horrelako zeozer egiteko gogoa: "Izan ere, udalean lan handia egin da orain dela 30 urte erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen erakundea euskaraz zerbitzua emateko moduan preparatzeko. Horregaitik nahi dugu jende guztiak jakitea udaletxeko bulego edota zerbitzuetara jotzen dutenean euskaraz egiteko aukera dutela". Esku-orriarekin batera, hozkailuan ipintzeko imana ere banatu dabe. Guztira 13.500 txartel eta iman egin ditu udalak eta horretarako aurrekontua 8.000 euro ingurukoa izan da.