Ukrainarako osasun-materiala eta janaria biltzen hasi dira Zezen Plazako erizaintza izandakoan

Ukrainarako osasun-materiala eta janaria biltzen hasi dira Zezen Plazako erizaintza izandakoan
2022/03/21 eta kitto!
Gaur bertan ekin dio Ukraina-Euskadi elkarteak material-bilketa kanpaina berriari, Udalak Zezenbide kalean horretarako laga dion lokalean. Bilketarako lokala sasoi batean Zezen Plazako erizaintza izandakoa da eta lagundu nahi duenak bertara eraman beharko ditu gauzak, astelehenetik barixakura, 11:00etatik 13:00era eta 17:30etik 19:00etara, eta zapatuetan 11:00etatik 13:00era. Boluntarioak egongo dira bertan, eramaten dena jasotzeko.

Ukraina-Euskadi Elkarteak berak egindu behar diren materialen zerrenda: lehen sorospenetako eta osasun arloko produktuak, elikagaiak edo norberaren higienerakoak batuko dituzte, horiek baitira une honetan asetu beharreko premia nagusiak. Zehazki, osasun-materialeko lehen laguntzarako kit-ak, gasak, eskularru kirurgikoak, mantalak, bendak, antiseptikoak (ur oxigenatua, Betadine), analgesikoak, erreduretarako kremak eta partxeak eskatu dituzte.

Elikagaien kasuan, prestatutako jatekoak eta galkorrak ez diren janariak eraman daitezke: barratxo energetikoak, fruitu lehorrak, galletak, tea eta kafea, okindegiko irina eta legamia eta ume txikiendako jatekoak. Norberaren garbitasunerako, higiene-kitak, bizar-orriak, paper-zapi bustiak eta emakumeen higienerako produktuak eraman daitezke. Kandelak, pospoloak, linternak, pilak, lotarako zakuak, esterillak, berogailuak, elektrizitate-sorgailuak edo luzagarri elektrikoak ere bai.

Bestalde, dohaintza ekonomikoak ere onartzen dira, Kutxabankeko kontu honetan: ES16 2095 5001 0091 1443 7029 (titularra Asociación Socio-Cultural y de Cooperación al Desarrollo Ucrania-Euskadi da).