Urriaren 17an hasiko da gripearen aurkako txertaketa kanpaina

Urriaren 17an hasiko da gripearen aurkako txertaketa kanpaina
2016/10/11 09:20
eta kitto!
2016ko gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurkeztu zuen astelehenean Donostian Jon Darpon Osasun sailburuak. Aipatutako kanpaina datorren astelehenean, hilaren 17an hasiko da, eta bi hilabete iraungo du, abenduaren 17ra arte. Kanpaina 65 urtetik gorakoentzat da, gaixotasun kronikoren bat dutenentzat, haurdun dauden emakumeentzat eta osasun arloko langileentzat.

380.000 txerto erosi ditu Osakidetzak aurten, beharrezkoa bada kopuru hori handitu badezake ere, eta erosketa horretan 1.200.000 euro inbertitu du. Sailburuak adierazi zuenez, "iazko kanpainan gripeak sortutako arazoak izan zituztenen artean %63 arrisku taldeetakoa zen". Gaineratu zuenez, "aurten erositako dosiekin arrisku taldeetan daudenen %65era heltzera" espero dute. Beste neurri batzuen artean, eskuak askotan garbitzea neurri egokitzat jo zuen gaixotasunari aurre hartzeko.

Gripearen aurkako aurtengo txertaketa kanpainaren irudia “Star Wars” filman oinarritzen da, eta kasu honetan “Gripea ez dezazula lagun izan" izango da leloa. Oso garrantzitsua da txertoa hartzea kanpainaren helburu diren arrisku taldeentzat, hau da, 65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoren bat dutenentzat eta haurdun dauden emakumeentzat, gripea “gaixotasun larria” izan daitekeelako eta konplikazioak eta heriotza ere egin ditzakeelako. Txertoa lortzeko, osasun zentrora joan eta osasun txartela aurkeztu behar dute. Komeni da aurrez telefonoz deitzea. Osasun-zentro eta anbulatorioetako ordutegia malgua izango da, eta kanpainaren premietara moldatuko da.

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, iaz 367.000 dosi baino gehiago eman ziren eta seik bakarrik izan zuten kontrako erreakzioa, larririk bat ere ez.

gripe-kartel-1