Verter Recycling 2002 SM deklaratzera deitu du epaileak, ikertu moduan

Verter Recycling 2002 SM deklaratzera deitu du epaileak, ikertu moduan
2021/12/17 eta kitto!
BERRIAko Iñaki Petxarroman eta Imanol Magro kazetariek landu dute artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Fiskaltzak eskatuta, epaileak onartu egin du Verter Recycling 2002 SM enpresak deklaratzea zabortegia erori ostean hasitako ingurumen delituaren auzian. Enpresak izendatutako ordezkari batek ikertu moduan deklaratu beharko du epailearen aurrean datorren astelehenean, hilak 20, Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak abenduaren 9an sinatutako probidentziaren arabera.

Fiskaltzak egindako eskaerari baietz erantzun dio epaileak horrela. Izan ere, hori eskatu zion fiskalak epaileari, abenduaren 2an sinatutako agiri batean: enpresako kideek, hau da, «pertsona fisikoek» ez ezik, enpresak ere ikertu moduan deklaratu behar duela. Orain arte epaileak ez du onartu eskaera hori, Ekologistak Martxan-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak osatutako herri akusazioak bi aldiz eskatu badu ere. Orain, Fiskaltzak ere bat egin du eskaerarekin.

 

Ikerketa luzatu dute

Ikerketa berriz luzatzeko ere eskatu dio fiskalak epaileari, ikerketa osatuko duten hainbat prozedura egin gabe daudelako eta aurreko luzapenaren sei hilabeteko muga bukatzear dagoelako. Besteak beste, epaileak onartu egin du luzapena, eta eskatu du lehenbailehen egiteko falta diren zenbait tramite: batetik, Cedexen peritu txostena jasotzea. Zaldibarko zabortegia zergatik erori zen argitu behar du txosten tekniko horrek, besteak beste. Bestalde, akusazio partikular batzuk deitu ditu deklaratzera, urtarrilaren 25erako. Fiskaltzak eskatu die argi dezatela zer kalte egin zien eurei Zaldibarko zabortegia amildu izanak. Prozedura horretan deklaratu beharko dute Zaldibarko Udalak, Bizkaiko Ur Partzuergoak, Interbiakek eta Reale eta Allianz aseguru etxeek.

Halaber, Durangoko 1. Epaitegiko epaileak Bilboko Penaleko 2. Epaitegiari eskatu dio baloratu dezala beste kausan, hau da, lan arloko deliturik izan ote den argitu behar zuen auzian, desagertutako langileen senideen eta enpresaren artean adostu zuten akordioa.

Zaldibarko zabortegia 2020ko otsailaren 6an amildu zen, eta, ingurumen hondamendia eragiteaz gain, bi langile hil ziren: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Lan arloko auzia itxita, ingurumen delituari buruzkoa irekita dago oraindik ere. Zaldibar Argituz-ek elkarretaratzera deitu du astelehenerako, 09:30ean, Durangoko epaitegiaren aurrean.