Virginia Basurto, Gizalde: “Gizarte parte-hartzailean sinisten dugu eta horretarako bidea da boluntariotza”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Virginia Basurto, Gizalde: “Gizarte parte-hartzailean sinisten dugu eta horretarako bidea da boluntariotza”
ETA KITTO 2018, Aza 19

Gizalde Gipuzkoako boluntariotza agentziak ateak zabaldu zituen astelehenean. 20 urte bete ditu aurten agentziak eta bere zerbitzuak Debabarrenera hurbiltzeko asmoz zabaldu du Eibarko bulegoa (Ardantza kalea, 5 behea). Astelehenetan 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik eta goizetan bilerak egin ahal izango dira zita bitartez (gizalde.eibar@gmail.com). Hala ere, beharren arabera moldatu daitekeen ordutegia da Virginia Basurto Gizaldeko Eibarko bulegoko arduradunaren berbetan.

 

– Zer da Gizalde?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hezkide Eskolak garatu duten proiektua da, eta Gipuzkoan boluntariotza sustatzea du bere helburu. Gizarte parte-hartzaile batean sinisten dugu eta horretarako bidea da boluntariotza. Bi gunetan egiten dugu lan, gizabanakoekin eta elkarteekin. Gizabanakoak gugana etortzen dira eta, euren nahien arabera, agente ezberdinekin kontaktuan jartzen ditugu erakunde edo elkarte batean edo bestean boluntario izateko. Bitartekari lana egiten dugu.

– Elkarteei boluntarioen inguruan dituzten beharrak asetzen ere laguntzen diezue?

Hori da. Eurek erabakitzen dute zein boluntario hartu, baina prozesua bideratzen diegu. Gainera, boluntariotza zer den azaltzen diegu elkarte eta gizabanakoei. Izan ere, elkarte batek boluntarioekin lan egiten badu, legediak esaten du seguru bat izan behar duela eta abar. Hau da, aholkularitza zerbitzua egiten dugu baita ere.

– Formakuntza saioak eskaintzen dituzue?

Gizaldek 20 urte daramatza martxan eta Donostian dauka egoitza, eta Debabarreneko herritar eta elkarteei zerbitzuak eskaintzeko zabaldu dugu orain Eibarko bulegoa. Bailarak zein behar dituen ikusten joango gara, baina Donostian formakuntza saioak egiten dira hilean behin eta ikusiko dugu Eibarko bulegoan horrelako saioak egitea komeni den, erakundeetan saioak eskaini behar ditugun edo dena delakoa.

– Eibarren bulegoa zabaltzeko beharra ikusi duzue?

Boluntariotzaren inguruan galdera, nahi, behar edo kezka daukan eibartar batentzat ez da oso erosoa Donostiara joan beharra informazioa jasotzera. Tokian tokiko zerbitzua emateko eta Debabarreneko elkarte gehiagotara iristeko asmoarekin ireki dugu bulegoa Eibarren. Bailarako udalekin eta elkarte batzuekin berba egin dut dagoeneko, eta boluntariotzaren inguruan dituzten beharrak ezagutzen gabiltza.

– Gipuzkoa mailan nolako beharrak daude boluntariotzaren inguruan?

Gizalderen webguneko ‘Boluntariotza’ atalean probintziako elkarteek dituzten beharrak jasotzen ditugu. Etengabe aktualizatzen dugun informazioa da.

– Edonor izan daiteke boluntario?

Bere denbora modu librean eta kontraprestazio gabe elkarte edo erakunde baten esku uzteko konpromezua hartzen duen edonor izan daiteke boluntario. Boluntarioek eskubideak dituzte (aseguratuta egotea, adibidez), baina baita betebeharrak ere (konfidentzialtasuna, adibidez).

– Zein motatako elkarteek jaso ditzakete boluntarioak?

Gizartea eraldatzea helburu duten irabazi asmorik gabeko elkarteak izan behar dute. Boluntarioak aseguratu, zaindu eta formatzeko konpromezua hartu behar dute. Gainera, elkarteen egunerokoan murgildu behar dituzte boluntarioak, eta ezin dute lanpostu bat kendu euren jarduna integratzeko.

– Bestelako zerbitzurik eskaintzen duzue?

Elkarteei aholkularitza zerbitzua eskaintzen diegu, boluntarioen inguruan eta baita beste kontu batzuetan ere. Gainera, boluntarioekin lan egiten duten elkarteek ekintzak egiten badituzte, gure kanalen bitartez difusioa emango diegu eta materialaren mailegu zerbitzua ere daukagu (mikrofonoa, bozgorailua, karpa… uzteko).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »