Zabortegiko enpresa-buruek bihar deklaratuko dute epailearen aurrean

Zabortegiko enpresa-buruek bihar deklaratuko dute epailearen aurrean
2020/07/22 eta kitto!
Atzo arratsaldeko azken orduan jakin genuenez, Jose Ignacio Barinaga Zaldibarko zabortegiko jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniaria atxilotu zituzten, epailearen aginduz, ingurumen delitua egotzita. Hiru atxiloketak Zaldibarko zabortegiari buruz zabalik dauden bi ikerketetako baten barruan egin dituzte. Ertzainek Eibarko komisariara eraman zituen atzo eta bihar eramango dituzte epailearen aurrera deklaratzera. Epaileak erabakiko du atxilotuekin zer egin. Verter Recycling 2002 SM enpresaren zabortegia otsailaren 6an amildu ondoren, balizko bi delitu ari dira ikertzen Durangoko epaitegian: Durangoko Instrukzioko 1. Aretoa langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den ari da ikertzen eta Instrukzioko 2. Aretoa, berriz, ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den. Kasu bakoitza epaile batek darama eta atzoko atxiloketak bigarren kasu horretako epaileak aginduta egin zituzten.

Atxiloketen berri izan eta jarraian, Zaldibar Argitu plataformak horren inguruko adierazpenak egin ditu: “Laster 6 hilabete beteko dira eta, berandu etorri den arren, guretzat berri ona izan da. Erantzukizunak argitzeko bidean urrats bat eman dela uste dugu eta mugimendu hau beharrezkoa zela iruditzen zaigu”. Hala ere, plataformako ordezkarien berbetan “auzi honetan erantzukizun pribatuak eta publikoak daudela nabarmena da, txanpon beraren bi aldeak baitira”. Zentzu horretan ezer ez dela egin salatu eta “higiene demokratikoarengatik” pausoak ematea eskatzen dute: “Eusko Jaurlaritza eratzeko negoziaketetan ari diren honetan, Iñaki Arriola jauna Jaurlaritza horren parte ez izatea eskatzen dugu. Argi dago Ingurumen sailak afera guzti honetan paper garrantzitsua jokatzen zuela, eta ez zituen bere eginbeharrak modu egokian bete. Administrazioak erantzukizun zuzena du gertatu zen guztian”. Eta, horrekin batera, 2000. urtean Josu Jon Imazek sustatutako legea bertan behera lagatzea eskatzen dute, “non zabortegi pribatuei pasatzen zaien 'langileen segurtasunaren ardura'. Erakunde publikoak izan behar dira une oro langileen eta herritarren bizitzen segurtasuna babestu eta bermatu behar dutenak”.