Zaharren egoitzak: zaindu beharreko zaintza

Zaharren egoitzak: zaindu beharreko zaintza
2020/05/08 eta kitto!
Hilabete zailak dira zaharren egoitzetako egoiliar eta langileentzat. Koronabirusak gogor jo die. Heriotzak eragiteaz eta langileen lan-baldintzak urritzeaz gain, hango bizimodua goitik behera aldatu du. Hasierako ekaitzaren ondoren barealdia iritsi da, baina barealdi ezegonkorra da, birus honen aurrean ez dagoelako erlaxatzeko aukerarik.

 

Egogain Gerontologia Zentroko langileek bi urte daramatzate euren lan-baldintzen eta nagusien eskubideen alde borrokan. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin tirabira ugari izan dituzte eta, bat-batean, koronabirusa iritsi da. “Hasiera batean kaosa izan zen”, Egogaineko langileek esan digutenez. “Alarma-egoera indarrean sartu zenean langileak oso galduta geunden, baina galduta geunden gainetik dugun jendea galduta zegoela ikusten genuelako. Ez dute agindu garbirik eman eta arazoak sortu ahala konpontzen joan gara”.

Urte hauetako protestetan hainbat aldarrikapen egin dituzte Egogaineko langileek eta horietako bat izan da lan-karga ikaragarri handitu dela. Beraz, hori gutxi balitz, Covid-19ak beste zama bat gehitu dio lan-karga horri eta langileek muturreko egoerak bizi izan dituzte azken bi hilabeteotan.

 

Zabor poltsekin babesten

Koronabirusari aurre egiteko materiala falta zitzaien, besteak beste. Alarma-egoera ezarri zenetik (martxoaren erdialdetik) apirilaren erdialdera arte, beharrezko babes-neurri barik ibili dira lanean. “Maskarak berrerabili egin behar genituen, argi ultramoreekin hamar minututan deskontaminatzen ziren, Norbere Babeserako Ekipoak (NBE) oso urriak eta ezegokiak ziren… Zabor poltsekin babesten ibili gara! Aldundiak esango du bagenuela segurtasun-materiala, bai, baina hala-nolakoa”.

Hasierako nahasmena kontrolatu ahal izan baino lehen, beste berri bat jaso zuten Egogainen. Donostiako Gurutze Gorriko egoitza koronabirusak kaltetutako jendearentzat prestatu behar zuten eta, ondorioz, hango egoiliarrak Eibarrera ekarri behar zituzten. “Gela hutsak eta ohe libreak genituen, baina ez dakigu jende guzti hori hartzeko langile gehiago kontratatu zituzten edo ez. Ezetz uste dugu”. Beraz, langile kopuru berarekin 30 lagun gehiago zaindu behar izan dituzte ordutik.

 

Noraezean

Lan gehiagorekin eta kaos-egoera horretan, langileek ez zuten lana ondo egin ahal izateko lan-baldintzarik. “Zortzigarren solairua zabaldu zuten, jendea tokiz aldatzen zuten egunetik egunera, ez genekien zein egoiliar edo zaintzaile izan zitekeen positiboa, eta tentsio horrekin egiten genuen lan”.

Egoiliarren batek koronabirusaren sintomak izanez gero, tokiz aldatzen zuten; eta positibo eman zuten pertsona batzuk negatibo eman zutenekin nahastu zituzten. Izan ere, goitik iristen zitzaien informazio urria kontraesankorra zen sarritan. “Ez zegoen agindu garbirik. Baina kexatzen baginen, komeriak”.

Langileek koronabirurasen probak egitea eskatu zuten hasieratik, baina ezetz erantzun zieten. “Probak fidagarriak ez zirela esan ziguten, eta horregatik ez zizkigutela egingo”. Testak lehen minutuan egin behar zirela diote langileek, gerontologikoan bizi zen egoera erreala zein zen jakiteko balio izango zuelako eta, hortik abiatuta, nola ekin zehaztu ahal izango zutelako. “Gainera, proba barik langileok ez genekien koronabirusa genuen edo ez, eta posible zen birusa zentroan zehar zabaltzen egotea. Zentzu horretan gaizki sentitu ginen, errudun bezala”.

 

Gaur egun hobeto

Baina testak ez ziren lehen minutuan iritsi, ezta lehen hilabetean ere, eta Egogaineko langileek egoera horri aurre egiteko baldintza duinak eskatu zituzten. “Okerrena da Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak esatea gu gezurretan genbiltzala eta zifrak asmatzen genituela. Falta zena!”.

Langileen eskaerak aintzat hartzen ez zirela ikusita, idatzi bat bidali zuten prentsara. “Positibo kasu asko agertzen hasi ziren, zaintzaileak ere ingresatu zituzten, batzuk oso larri, eta ezin genuen horrela jarraitu”. Idatzia apirilaren hasieran bidali zuten eta erantzuna berehalakoa izan zen. Aste Santuan “material ugari” iritsi zen gerontologikora, eta egoiliar eta langile guztioi probak egin zizkieten.

Prentsara bidalitako gutuna inflexio puntua izan zen eta egoera dezente hobeto da ordutik. “Orain, langileak ez gara bakoitzari dagokigun solairutik mugitzen, segurtasun- eta osasun-material egokiak ditugu, hainbat neurri ezarri ziren (zirkuitu garbia – zirkuitu zikina)… Apirilaren amaieran iritsi zen hori, alarma-egoera hasi eta hilabetera, baina tira, orain hobeto gaude”.

Hartutako neurriek eragina izan dute eta positiboak jaitsi egin dira, baina zer gertatuko litzateke neurri horiek hasieratik hartu izan balira? Espekulazio hutsa da, baina langileek uste dute ziurrenik koronabirus kasu gutxiago emango zirela eta, ondorioz, hildakoen kopurua baxuagoa izango litzatekeela.

Gaixoen eta hildakoen kopuruari dagokionez, langileek ez dakite zein den kopuru zehatza. “Langileen komitetik birritan eskatu dugu informazio hori, baina ez digute eman, ez dutelako datuak argitara ateratzerik nahi”.

 

Egoiliarren egoera

Azken finean, langileak egoiliarrak zaintzeko daude eta egoiliarrek egoera hau nola bizi izan duten kontatu digute langileek. “Euretako asko ez dira konturatzen zer gertatzen den, baina autonomoak direnek hasieran ez zuten ulertzen zergatik ezin ziren euren solairutik irten”.

Egoiliarren egunerokoa aldatu egin da eta egunak luzeagoak egiten zaizkie orain. Gainera, koronabirusak adineko pertsonei eragin die batez ere. ”Egoiliarrentzat eta familientzat ez da egoera ona”.

Ezin dira bisitak egin, baina bideo-deiak egiten dituzte familiarrekin eta langileek uste dute hori garrantzitsua dela.

 

Pribatizazioaren bidean

Koronabirusak eragindako osasun-larrialdia berezia da, hemen inoiz ez da antzeko gauzarik gertatu, baina Egogaineko langileen ustez horrek ezin du estali egoitzan egin den arazoaren kudeaketa txarra. “Hau ez da gauza puntual bat, hau arazo estrukturala da. Koronabirusak arazoa azaleratu du, beste barik”.

Hainbat enpresa eta erakundek zaharren egoitzetan negozioak egiteko bideak ikusi dituztela diote langileek, eta Egogainen dituzten arazoak egiturazkoak direla.

Sektorea pribatizatu dela salatzen dute, “egoitzak ixten dihardute putre-funtsen esku lagatzeko”, eta Egogainek pribatizatzeko bidea hartu duela diote, horrek ekarri ditzakeen ondorioekin. “Dirua bakarrik ikusten dute eta ez zaintzaren kalitatea”.

Azpikontratazioa da nagusi Egogainen eta koronabirusari aurre egiteko sasoian langile ugari pasa dira gerontologikotik. “Enpresa hauek ABLE (ETT) batek bezala funtzionatzen dute eta egun batean pertsona bat bidaltzen dute, hurrengo egunean beste bat eta etzi beste bat. Batzuetan ordu pare bat bakarrik lan egiteko. Horrela zaila da lana ondo egitea. Egunero pertsona berria datorrenez, beti erakutsi behar diozu lana nola egin”, diote langileek.

 

Baloratu gabeko lana

Agintariek bultzatzen duten sistema horrek sortzen dituen lanpostu motekin kritikoak dira Egogaineko langileak. “Nolako bizi-kalitatea eskaintzen zaie lan-baldintza horietan lan egiten duten langileei? Nolako kontziliazioa izan dezakete langile horiek? Zaintzaren sektoreari ez zaio garrantzirik ematen, ez da behar den bezala baloratzen”, euren ustez. “Egoiliarrei duintasuna ematen saiatzen gara euren bizitzako azken momentuetan, baina kalitatezko zaintza bat emateko lan-baldintza duinak eskaini behar zaizkie langileei”. Horren erakusle dira azken urtean Egogain utzi duten 18 langileak (ia guztiak bitarteko izaera zutenak).

Eskertzen dituzte egun hauetan herritarrek eskaintzen dizkieten txaloak eta agintari politiko batzuen asmo onak, “baina ez dira ekintzara pasatzen”. Zaintza sektorean dagoen prekarietatea ez da txaloekin eta berba politekin amaitzen. Benetako neurriak eskatzen dituzte.

Egogaineko langileak egoera horri buelta ematen saiatzen ari dira. Ondo antolatu dira euren eskubideen alde borroka egiteko eta erronka bota diote agintariei, baina langile berriak sartu-irtenean dabiltzanez, zaildu egiten da langileen batasuna lortzea.

Koronabirusaren aurkako borrokan buru-belarri dabiltza orain, poliki-poliki aurrera egiten, baina ez dute beste borroka alde batera. Lan eta bizi duina eskatzen jarraituko dute.