Zaldibar Argitu plataformak bilera deitu du urriaren 14rako

Zaldibar Argitu plataformak bilera deitu du urriaren 14rako
2020/09/25 09:49
eta kitto!
Udako etenaldia eta gero, Zaldibar Argitu herri-plataformako kideek aste honetan bilera egin dute, aurrera begirako asmoak lantzeko. Bertan esandakoaren arabera, Joaquin Beltranen gorpua aurkitu bitartean kaleko dinamikarekin jarraitzea da asmoa eta, horren harira, hurrengo mobilizazioa urriaren 3rako (zapatua) deitu dute, 18:00etan Untzagatik abiatuta, Zaldibarko zabortegiko ezbeharra izan zela 8 hilabete beteko diren egunaren atarian. Horrez gain, plataformako kideek aurreratu zutenez, Durangoko epaitegian herri-akusazio modura aurkezteko lanketa egiten aritu dira eta egun gutxi barru emango dituzte ezagutzera horren nondik norakoak. Gaineratu zutenez, hemendik aurrera egin beharrekoak arrakastaz burutu ahal izateko, oso garrantzitsua da herrian plataforma aktiboa izatea eta, horregatik, herritarrak animatu nahi dituzte hurrengo bilera irekira joateko: urriaren 14an izango da, 19:00etan Arrate Kultur Elkartearen lokalean. Bide batez, banderolak eta txapak erosi nahi izanez gero, Ez Dok tabernan salgai daudela gogorarazi nahi izan dute.

Bestalde, atzo Coliseo antzokian Alejando Telleria “Alkate Txikixa” omentzeko ekitaldia zegoela-eta, Eibarko alkate izandakoak bertara gonbidatuta zeuden eta, hori dela eta, plataformako kide batzuk elkarretaratzea egin zuten antzoki parean, Iñaki Arriolaren dimisioa eskatzeko pankartarekin, baina Arriola ez zen agertu.