Zaldibar Argituk mugakide diren herrietan kontzentrazio bateratua deitu du bihar eguerdirako

Zaldibar Argituk mugakide diren herrietan kontzentrazio bateratua deitu du bihar eguerdirako
2021/03/05 eta kitto!
Bihar kontzentrazio bateratua egingo da Eitzagan, Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zela 394 egun betetzean. Indarrean dauden mugikortasun-neurri murriztaileak direla eta, deialdia mugakide diren herrietarako egin dute bakarrik. Gainontzekoek, berriz, bakoitzak bere herrian egingo ditu ekitaldiak:  Zallan lore-eskaintza (12:50) eta elkarretaratzea (13:00) antolatu dituzte, Euskadi Plazan; Etxebarrian elkarretaratzea, 13:00ean (Olaia aurrean); eta Markinan ere kontzentrazioa egingo da, 13:00ean Goiko Portalan. Eitzagako ekitaldia 12:30ean hasiko da eta Eibartik bertara joan nahi dutenei trena dagoela jakinarazi nahi diete Zaldibar Argitu plataformakoek: bakarrik joan nahi ez dutenentzat 12:02etako trena Ardantzan hartzeko hitzordua egin dute hainbatek.



Bestalde, itsulapikoa.eus-en egiten ari den diru-bilketa kanpaina azken txanpan sartu da eta amaitzeko 5 egun baino ez dira geratzen. Hori dela eta, gaur arratsaldean, 17:30etik 20:00etara mahaia ipiniko dute Untzagan (Toribio Etxebarriara ematen duen kale-kantoian), epaiketaren gastuekin lagundu nahi dutenek euren ekarpenak zuzenean egin ahal izateko.