Zaldibarko hondamendiaren erantzuleek kartzela saihestu dute fiskaltzarekin eta hildakoen familiekin akordioa lortu ondoren

Zaldibarko hondamendiaren erantzuleek kartzela saihestu dute fiskaltzarekin eta hildakoen familiekin akordioa lortu ondoren
2021/09/03 eta kitto!
Jose Ignacio Barinaga Zaldibarko zabortegiaren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniaria fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin (hau da, Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuzeren familiekin) akordio batera iritsi dira eta, ondorioz, sei hilabeteko kartzela zigorra ezarriko zaie, Berriak jakinarazi duenez. Horrela, hiru akusatuek ez dute kartzela zapalduko.

Akusatuei zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta langileen aurkako delitu bat leporatzen zitzaien, eta lau urte baino gehiagoko kartzela zigorra jaso zezaketen akordioa lortzen ez bazuten. Akordioarekin batera, akusatuek euren erantzukizuna onartu dute, eta familiei kalte ordainak ordaintzeaz gain isun bat ordaindu beharko dute.

Justiziaren atal hau amaitzen bada ere, oraindik epaitegietako lana ez da amaitzen Zaldibarko hondamendiaren kasuan, ingurugiroari eragindako kalteak aztertzeko ikerketak zabalik jarraitzen duelako.