Zaporeak elkarteari laguntzeko erronka Debabarrena osora zabaldu dute

Zaporeak elkarteari laguntzeko erronka Debabarrena osora zabaldu dute
2023/02/24 12:08
eta kitto!
Orain dela bost urte Ermuko eta Eibarko sukaldari batzuek hasitako erronka eskualde osora zabalduko dute aurten eta, horrela, Debabarreneko herri guztietan egongo da Zaporeak elkarteak Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuen alde egiten duen lan solidarioan laguntzeko aukera. Gainera, erronka hasi aurreko egunetan, elikagaiak bilduko dituzte eta rifak erosteko aukera egongo da.

 

Zaporeak elkarteak 1.600 otordu ematen ditu egunero Lesbos uharteko errefuxiatuen esparruan eta, horretarako, erakundeen aldetik jasotzen duen laguntzaz gain, herritarren ekarpenak berebizikoak dira. Zaporeak proiektua hainbat sukaldariren eskutik jarri zen martxan, eta eskualdean sukaldari solidarioak ditugula-eta, 2019an ekimen berezia abiatu zuten Ermuan eta Eibarren errefuxiatuei laguntzeko: “Baietz bakoitzak bere herrian 1.000 kilo janari bildu”. Esan eta egin, eta, gainera, rifak saldu zituzten eta paella erraldoia egin zen Ermuan. 4.000 euro inguru biltzea lortu zuten.

Herritarren erantzun ona ikusita, ekimena indarra hartzen joan da eta jasotako laguntza eta elikagai-kopurua ere igotzen joan da urtero. Iaz, 6.200 euro bildu zituzten; aurten, kopuru hori gainditzea da erronka. Horretarako, hiru aukera ematen dituzte ekimenaren sustatzaileek: rifak erostea, elikagaiak ematea eta martxoaren 25ean Ermuan egingo den ekimenean parte hartzea.

 

Rifak salgai

Rifak salgai jarri dituzte dagoeneko, euro baten, eta irabazleek, eskualdeko jatetxe batean afaria irabazteaz gain, Eibarko Artisten Elkarteko kideek emandako artelan bana eramango dute etxera. Afariak Ermuko Amatxi, Sagarra eta Mendiolan; Eibarko Casino, Kontent eta Baratzen; Elgoibarko Belaustegin; eta Itziarko Salegi jatetxeetan emango dira. Gainera, Eusko Label eta KM0 hurbileko produktuez osatutako otarra ere zozketatuko da.

 

Janari-bilketa

Zaporeaki laguntzeko beste modu bat elikagaiak ematea da. Horrela, martxoaren 20tik 24ra, Debabarreneko herri bakoitzean elikagai jakin bat jasoko dute, lekaleak batik bat. “Erraz egosten diren elikagaiak batzen ditugu, jende askori eman behar baitzaio jaten”, diote ekimenaren antolatzaileek.

Ermuan, Soraluzen eta Deban arroz luzea bilduko dute, Mallabian eta Mendaron hodi erako makarroia, Eibarren dilista pardina, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa eta Mutrikun, berritasun bezala, arrain-kontserbak. Oraindik ez dute zehaztu herri bakoitzeko elikagaiak zein tokitan jasoko dituzten, martxoaren hasieran zehaztuko baitituzte bilketa-puntuak.

 

Tupper solidarioa

Erronka honekin hasi zirenetik gertatu ohi den bezala, tupper solidarioak banatzen emango diote amaiera ekimenari eta aurten Ermuan egingo da ekintza, martxoaren 25ean. “Ekimen hau garrantzitsua da, errefuxiatu esparruetan zer jaten duten ikusteko balio duelako. Ume askok galdetzen dute ia zer gertatzen ari den esparruetan”, azaltzen dute antolatzaileek. Izan ere, tuperrak errefuxiatu esparruetan banatzen direnen antzekoak dira. Gainera, errefuxiatuen egoera hobeto ezagutzeko, Lesbosen gertatzen ari den errealitatea erakutsiko dute Ermuko kaleetan jarriko dituzten bideo batzuen bitartez.

 

Bazkide bila

Debabarrenean egingo den ekintza hau garrantzitsua da Zaporeakentzat, baina edozein laguntza da gutxi, eta elkarteari laguntzeko bazkide berrien bila dabiltza. Beraz, kanpaina abiatu dute asmo horrekin. Bakoitzak nahi edo ahal duen kopuruarekin lagundu dezakeela nabarmendu dute, eta aportazio guztiak ongietorriak izango dira. Gainera, euro baten truke bazkari duin bat eman dezaketela gogorarazi nahi diote jendeari.

Bazkide egiteko bi aukera daude: banku transferentzia bitartez, aldizkako transferentzia egiteko agindua emanda (ES14 2095 5092 00 9115250322 edo ES71 3035 0103 88 1030035880), edo, bestela, www.zaporeak.eus webgunearen bitartez.