Zein dira Hego Euskal Herrian geldituko ez diren "lehentasunezko" jarduerak?

Zein dira Hego Euskal Herrian geldituko ez diren "lehentasunezko" jarduerak?
2020/03/29 eta kitto!
ARGIAk landu du ondorengo artikulua eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera. Argazkia: Pixabay.


 

Martxoaren 29an Espainiako Ministroen Kontseilu berezia egingo dute eta bertan onartuko dute ofizialki martxan jarraituko duten industria jardueren zerrenda. Ser irratiak argitaratu du Industria Ministerioaren Aginduaren zirriborroa. Industriaz gain, Alarma Estatua indarrean jarri zuen Errege Dekretuak hainbat zerbitzu izendatuak ditu lehentasunezko moduan.

Alarma Estatua ezarri zuen 463/2020 Errege Dekretuak zerbitzu hauek arautu zituen bereziki, eta espero da hauek martxan mantenduko dituztela, nahiz eta dena erabakiko den martxoaren 29ko Ministroen Kontseilu berezian:

- Elikagaien ekoizpena, garraioa eta salmenta.

- Energiaren horniketa: argindar, petrolio, gasa.

- Garraioa: portuak, aireportuak, trena.

- Komunikabideak.

- Poliziak eta indar armatuak.

- Osasun sistema.

 

Industria Ministerioaren Aginduaren zirriborroa argitaratu du Ser kateak. Hauek dira zirriborro horretan "lehentasunezkotzat" hartzen dituelako, martxan mantenduko diren jarduera industrialak:

Elikagaiak ekoiztea, hau da, nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza eta elikagai zein edarien elaborazioa. Baita basogintza ere.

Oihalgintza ere lehentasunezkoen artean dago eta oihalekin lan arropak eta antzekoak egitea, baina ez kaleko arropa arrunta ekoiztea (kaleko arropa jostea, aldiz, bai). Zapatak ekoiztea bai lehentasunezkoen artean dago.

Paperaren ekoizpena lehentasunezkoen artean sartzen da.

Baita farmaziako oinarrizko botikak eta espezializatuak ekoiztea ere. Eta medikuentzako tresneria egitea.
Drogeria anitzak

Nekazaritzarako pestiziden ekoizpena martxan mantentzea aurreikusten du Aginduak. Pinturak eta barnizak egitea ere bai. Baita xaboiak, perfumeak eta kosmetikoak ere.
Bilgarriak

Egurrezko eta plastikozko ontziak egitea lehentasunezkoen artean aurreikusia dago. Baita beirazko botilak ere.
Kotxeen tailerrak eta errepideko artatzeak "lehentasunezko"

Kotxeen matxurak konpontzeko tailerrak martxan egotea aurreikusten du Aginduaren zirriborroak. Baita ere errepideko artatze lanak, gruak eta gainerakoak.
Mantenimendu eta garbiketa lanak ere "lehentasunezko"

Lehentasunezkoak diren jardueretako makinak konpontzea ere oinarrizkotzat dauka Aginduaren zirriborroak. Eta baita garbiketa zerbitzua ere.

Eta mantenimendua bermatzen duten dendak ere irekita egotea aurreikusten du: burdindegiak, elektrizitate dendak, elektronikakoak, pintura eta tinteenak...

Hemen dago Aginduaren zirriborroa osorik irakurgai.